Uribe parkeko gimnasia-gunea handitu da Derion

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 14a, 10:39

Nagusiek aire zabalean gimnasia egiteko gunea dago Derioko Uribe parkean eta, udalak jakinarazi duenez, lau aparatu berri ipini dira bertan. “Erabiltzaileen egoera fisikoa hobetzeaz gain, aisialdirako eta paseorako gune hori gizarte-harremanak lantzeko topagunea ere izango da”. Udalak 5.421 euro jarri ditu aparatu berrietan, eta orotara gimnasia egiteko bederatzi makina daude.  

Diskoa, kulunka eta stepa dituen multzoa azpimarratu daiteke makina berrien artean. Multzo hori egokia da oreka hobetzeko eta beheko gorputz-atalak lantzeko. Era berean, sorbalda lantzeko behatz-eskailera txiki bat dago zirkuituan, eta eskumuturra eta besaurrea lantzeko malguki bat.  

Udalak nagusientzako ariketa fisikoen tailerra antolatu du urriaren 27rako. Tailer horren baitan, gimnasia-guneko makinak nola erabili azalduko da nagusien autonomia hobetzeko. Bestalde, gogora ekarri dute urriaren 20an nagusientzako hitzaldia egingo dela eta horretan mugikorraren erabilera, gizarte-sareak eta argazki-aplikazioak jorratuko direla. Tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da Kultur Birikan edo 944 659 714 telefono-zenbakira deituta.  

Calistenia-gunea

Joan den astean, calistenia-guneko lurzorua berritzeko lanak amaitu ziren. Eremuak 84 metro koadroko azalera du eta lanetan 6.606 euro ipini ditu udalak. Batez ere gazteentzako gunea da eta hainbat altueratako arkuek, barra sinpleek eta barra paraleloek osatuta dago, erabiltzaileek indarra eta ahalmen kardiobaskularra landu ditzaten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).