Skate Park-a eraikitzeko lanak hasi dira Derion

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 29a, 09:19

Skate Park-a Gazianeko kirol-gunean egiten dabiltza, pisten ondoan, eta, eguraldia lagun izanez gero, espero da lanek bi hilabete edo gutxiago irautea. Udalak adierazi duenez, Derioko Umeen Kontseiluarekin elkarlanean diseinatutako proiektua da eta aurreko urteetan herriko gazteei egindako eskaerei erantzuten die. Lanetan 50.000 euro ipiniko dira.  

Azaldutakoaren arabera, guneak 350 metro koadro baino gehiago izango ditu eta bertan hainbat modulu jarriko dira. Moduluak klimatologiarekiko eta erabilera intentsiborekiko erresistentzia handia duen material batez egingo dira, irristatzeko leuntasun handia ere baduena. Diseinua ebolutiboa da eta, hortaz, gunea handitu ahalko da. Bestalde, 0,6 metrotik 1,9 metrora bitarteko altuerako mailak izango ditu eta hainbat diziplina praktikatu ahalko dira han, hala nola skatea, rolling-a, bmx-a eta scooting-a. Halaber, quarter arrapala bi egongo dira, bata 1,9 metrokoa eta bestea 1,5 metrokoa, eta zenbait elementu pistaren erdialdean: 0,9 metroko street spine bat, 1,2 metroko flybox quarter-bank bat eta 0,6 metroko erraila duen funbox-disaster multzo bat. Azkenik, beste errail bi ipiniko dira: bata sinplea izango da, hiru metrokoa, eta bestea, bikoitza, sei metrokoa. Biek 0,4 metroko altuera izango dute, streeteko trikimailuak egiteko.