Skate park berria Derion

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 22a, 09:10

Barikuan, azaroak 19, skate park berria inauguratu zuten Derion, Gazianeko kirol-gunean hain zuzen ere. Ekitaldian, besteak beste, Esther Apraiz Derioko alkateak eta herriko irristalari batzuek hartu zuten parte. Apraizen hitzetan, egitasmoa “udalerriko gazteen eskaeren ondorio da eta Derioko Umeen Kontseiluarekin izandako lankidetzari esker gauzatu da”. Lanetan 50.000 euro ipini ditu udalak.

Guneak 350 metro koadro baino gehiago ditu eta bertan hainbat modulu jarri dira, zeinak klimatologiarekiko eta erabilera intentsiboarekiko erresistentzia handia duen material bat erabilita egin baitira. Era berean, leuntasun handia eskaintzen dute irristatzeko orduan. Diseinua ebolutiboa da eta, hortaz, gunea handitu ahal da. Bestalde, 0,6 metrotik 1,9 metrora bitarteko altuerako mailak ditu eta hainbat diziplina praktikatu ahal dira han, hala nola skatea, rolling-a, bmx-a eta scooting-a. Bestalde, quarter arrapala bi daude, bata 1,9 metrokoa eta bestea 1,5 metrokoa, eta zenbait elementu pistaren erdialdean: 0,9 metroko street spine bat, 1,2 metroko flybox quarter-bank bat eta 0,6 metroko erraila duen funbox-disaster multzo bat. Azkenik, beste errail bi ipini dira: bata sinplea da, hiru metrokoa, eta bestea, bikoitza, sei metrokoa. Biek 0,4 metroko altuera dute, streeteko trikimailuak egiteko.

Apraizek adierazi zuenez, datorren urtean patinajeko master class bat antolatuko da, diziplina hori hobetu edo horretan hasi nahi duten herritarrentzat.     



Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).