Gabonetako ekintza solidarioak Derion, Gure Señeak elkartearen alde

a. JÉSHOOTS (Pexels) 2021ko abe. 20a, 13:03

Prentsa-ohar baten bidez jakinarazi dutenez, gaur egungo egoerara egokitutako Gabonetako programa antolatu du Derioko Udalak, “ahal den neurrian, egun hauetako ilusioari eta berezitasunari eusteko”. Orotara 10 ekintza antolatu dira abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra bitartean, “osasun-agintarien gomendioak betez”. Herritar guztientzako ekintzak izango dira, “nahiz eta protagonistak umeak izango diren eta ekitaldiek izaera solidarioa izango duten”.

Aurrekoetan moduan, Gure Señeak elkartearekin lankidetzan ibiliko da Derioko Udala. Horrela, bada, antzerki-, musika- eta arte-emanaldiek hiru euroko prezio sinbolikoa izango dute, eta biltzen den diru guztia elkarteari emango diote, “gaixotasun arraroa edo desgaitasun berezia duten Derioko umeen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko”.  Sarrerak hemen erosi daitezke gaurtik aurrera. Gainerako jardueretarako sarrera libre izango da edukiera bete arte. “Maskara derrigorrezkoa izango da hitzordu guztietan, eta COVID ziurtagiria aurkeztu beharko da, araudiak hala exijitzen duen lekuetan”.  

Egitaraua datozen egunetan sartuko da postontzietan eta herriko hainbat lekutan ere kartelak ipiniko dira. Era berean, programa udal-webgunean eta -sare sozialetan dago eskuragarri. Osasun-egoeraren bilakaeraren arabera, jarduerak aldatu edo bertan behera utziko dira. Aldaketak udal-webgunearen eta -sare sozialen bidez jakinaraziko dira.  

Abenduak 23, eguena

17:30 Ipuin-kontalaria (5 urtetik gorakoentzat), Kultur Birikan. Sarrera: 3 euro.

Abenduak 24, barikua

10:00-13:00 eta 18:00-20:00 Olentzero eta Mari Domingi, udaletxean. Hitzordua eskatu behar da udal-webgunean.

Abenduak 28, martitzena

18:00 Txotxongiloak: Ipuin-lapurra, Gurea Aretoan. Sarrera: 3 euro.

Abenduak 29, eguaztena

18:00 Nagusien jaia, Kultur Birikan. 1936an jaiotakoei omenaldia.

Abenduak 30, eguena

19:00 Arriebro, Joaquin Sabinari omenaldia, Gurea Aretoan. Sarrera: 3 euro.

Urtarrilak 2, domeka

19:00 Gemma Martinezen bakarrizketa, Gurea Aretoan. Sarrera: 3 euro.

Urtarrilak 3, astelehena

17:30 Txikientzako mantra kontzertuak, Kultur Birikan. Sarrera: 3 euro.

19:00 Nagusientzako mantra kontzertuak, Kultur Birikan. Sarrera: 3 euro.

Urtarrilak 5, eguaztena

18:30-20:30 Errege Magoak, udaletxean. Hitzordua eskatu behar da udal-webgunean.

Urtarrilak 7, barikua

19:00 Fake. Trampantojo antzezlana, Gurea Aretoan. Sarrera: 3 euro.

Urtarrilak 8, zapatua

19:00 Trio Veracruzen boleroak, Gure Aretoan. Sarrera: 3 euro.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).