Derioko Nagusien etxea erabat berritu dute

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 1a, 14:32

Derioko Udalak eraberritze lanak egin ditu Nagusien Etxean eta horrek gaur arratsaldean, 17:00etan, irekiko ditu ateak. Iñaki Basabe musikariak girotuko du inaugurazioa eta bertan batutakoek azpiegitura berria ezagutzeko aukera izango dute.

Udalak 300.000 euro inbertitu ditu Nagusien Etxea erabat berritzeko: isolamendua eta irisgarritasuna hobetu dira eta lokala intsonorizatu dute. Era berean, klimatizazioa eta aireztapen arazoak konpondu dira, horiek pandemiak eragindako segurtasun eta osasun-neurrietara egokituta. “Lehen desnibela zegoen tabernaren barruan; orain, ordea, desnibela kanpora eraman dugu eta erraz gainditzen da eskailerei eta arrapalari esker”, esan du Alberto Santamaria udaleko aparejadoreak. Lanak Horlasa Construcciones y servicios enpresak egin ditu eta guztira sei hilabete eman dituzte horiek bukatzen. Eraberritzea “erabatekoa” izan da. “Lanak bukatu eta gero, Adintsuen Etxea XXI. mendeko lokala da. Dena berritu dugu: komunak, solairua, hormak, argiak.... Altzariak klasikoak dira, baina gainerakoa, modernoa”.  

“Nagusien Etxekoa proiektu berezia da, Derioko bizilagun askorentzat bigarren etxea delako. Lanei esker, toki modernoagoa eta erosoagoa da”, aipatu du Esther Apraiz Derioko alkateak. Bere esanetan, herriko adintsuak dinamizatu nahi dituzte eta Nagusien Etxea leku aproposa izango da horretarako. Datozen egunotan, beraz, hainbat ekimen egingo dira bertan: bingoa, pintxo-potea, San Isidroko txoripanak, Inauterietako tostadak... Gainera, eguaztenetan, Suspergintza elkarteko langileek zenbait jarduera antolatuko dituzte han.   

Lanekin batera, beste nobedade bat ere badago. Izan ere, Adintsuen Etxeak arduradun berria izango du. Udalak lokaleko tabernako zerbitzua kontratatzeko prozedura hasi zuen eta esleipena Marta Paredes zamudioztarrari egokitu zaio. Paredesek eskarmentua dauka, azken urteotan Zamudioko Nagusien Etxea kudeatu baitu. Betiko moduan, Nagusien Etxea 10:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.