Kanpoko eragileekin izandako lankidetzek lana erraztu digute. Bagenekien inportantea zela inguruko kontaktuekin sare estua osatzea eta indarrak ideia horretan batu ditugu hasiera-hasieratik. Emaitza oso pozgarria da, harreman estua dugulako Derioko Udalarekin, Txorierriko Institutuarekin, Adarve tabernarekin, Baserri Antzokiarekin eta Arteaga estankoarekin, batzuk aipatzearren. Lan-ildo horri jarraitzeko asmoa dugu, beraz, espero dugu elkarlana handituz joatea.
PAI Bitartean eguneko zerbitzura etortzen diren pertsonen eta herritarren arteko harremana normalizatzeko, era askotariko ekimenak sustatu ditugu: hitzaldiak, erakusketak, gizarte-ekitaldiak, tailerrak… Ekimen batzuek jarraipena dute, hala nola herriko kiroldegian astero kirol eta pala egokituko saioak egitea, Ganbara Gizarte Irratian astero jasotzen ditugun gonbidatuak eta Emaus Gizarte Fundazioak hilero Aikor! aldizkarian artikulu bat idaztea. Bestalde, noizean behingo ekintzei dagokienez aipa ditzakegu, PAI Bitartean programa aurkezteko, Kultur Birikan egindako erakusketa eta hitzaldia, Martxoaren 8ari eta Liburuaren Egunari lotutako ekimenak eta jostailu solidarioak batzea.
Laburbilduz, Emaus Gizarte Fundazioko ordezkariak oso eskertuta gaude herrian izan dugun harreragatik eta gure lanak izan duen esker onagatik. Hala, ilusio eta motibazio handiz ekingo diogu bigarren urte honi, eta espero dugu Txorierri eta bere jendea ezagutzen jarraitzea.