Ekitaldia egin zen atzo Derion, Jon Ugutz Goikoetxearen heriotzaren egia jakitea eskatzeko

a: Egiari Zor Fundazioa 2022ko mar. 14a, 13:16

Bihar, martxoak 15, 50 urte beteko dira Jon Ugutz Goikoetxea derioztarra zendu zela Guardia Zibilarengandik ihesi. Goikoetxea muga zeharkatzen saiatzen zebilenean egin zuen polizia-kontrol batekin topo. Bertsio ofizialaren arabera, derioztarrak bere buruaz beste egin zuen; hala ere, senideen esanetan bizkarretik tirokatu zuten. Atzo ekitaldia egin zen Derion, egia jakitea eskatzeko.

Ekitaldian Goikoetxearen senideek eta lagunek hartu zuten parte eta derioztarra ekarri zuten gogora. Era berean, Egiari Zor Fundazioaren izenean, Pilar Garaialde izan zen ekitaldian; Garaialde aita AAAk hil zuen. Azaldu zuenez, Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan izandako heriotza asko argitu barik daude oraindik eta haietako bat Goikoetxearena da. “Duela 50 urte Elizondon Guardia Zibilarengandik ihesean zebilela hilik suertatu zen. Bertsio ofizialak erantzukizunetik salbuesten du Guardia Zibil frankista; gorpuak, ordea, bala-zauria zuen garondoan. Horregatik, bizkarretik erail zuten susmo sendoa dugu”.

Bere esanetan, Sekretu ofizialei buruzko Legea indarrean jarraitzeak galarazten du Goikoetxearen eta beste batzuen heriotzaren inguruko egia jakitea eta zigorrik gabe uzten ditu hilketen erantzuleak. “Indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hau eta beste asko argitzeko borondaterik ezaren beste froga bat da”.  Horren harira, aipatutako legea indargabetzeko beharra azpimarratu zuen. “Bertsio ofizialen kutxa iluna ireki, eta egiarako dugun eskubidea ahalbidetu behar zaigu, guri zein gizarte osoari”.