Emaus Gizarte Fundazioa eta Athletic Fundazioa

t eta a: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2022ko mar. 24a, 14:39

Emaus Gizarte Fundazioan ahalegina egiten dugu inguruko elkarteekin eta gainerako fundazioekin elkarlanean aritzeko, eta, hortaz, lana partekatzeko eta elkarri lagundu ahal izateko. Bide horretan, Athletic Clubarekin egin genuen bat 2021eko urrian.   

Bagenekien Athletic Fundazioak gizarte-, kultura-, ingurumen- eta prestakuntza-proiektuen eskaintza zabala zuela era guztietako ekimenetarako, eta zalantzarik gabe, haiekin ipini ginen harremanetan, proiektu berri bat sortzeko. Hasiera-hasieratik aldeko erantzuna agertu zuten, eta lanari ekin genion, gaur egun fruituak ematen ari diren ideia batzuei itxura emateko.

Beste zerbitzu batzuen artean, Emaus Gizarte Fundazioaren PAI Bitartean programak du egoitza bat Gamizen eta eguneko zentro bat Derion. Hori dela eta, astero toki bietan kirol-saio batzuk egiteko eskaera egin genion Athletic Fundazioari. Euren kirol-agendan lekua egin zuten eta ondo trebatutako monitoreak bidali zizkiguten, fundazio bion arteko harremana hasteko. Harrezkero urte erdia pasatu da, eta kirol-saioetara joaten diren pertsonak pozik baino pozago daude bai euren beharrizanetara egokitutako saioekin, bai monitoreekin.

Nabaria da erakunde honen tamaina handia. Hori, gainera, argi eta garbi utzi ziguten, Athletic Fundazioa Ganbara Gizarte Irratira gonbidatu ondoren, gure egoitzara nor eta Andoni Goikoetxea txapeldun historikoa etorri zenean. Oso solasaldi atsegina izan genuen eta gogora ekarri genituen 1984an Liga irabazita gabarrak Bilboko itsasadarretik egin zuen ibilbidea, Goikoetxeak sartutako golak eta entrenatutako taldeak eta hainbat anekdota.

Bestalde, Athleticen museoa bisitatzea gomendatu ziguten. Goiz atsegina pasatu genuen bertan, klubaren historia ezagutzen, garaikurrak ikusten, San Mames Berriaren barrualdetik paseatzen eta futbol-zelaira ere sartzen. Esperientzia handia izan zen eta PAI Bitartean programaren erabiltzaileak oso eskertuta azaldu ziren.   

Laburbilduz, Emaus Gizarte Fundazioan asko pozten gaitu lankidetza honetaz gozatu ahal izateak. Izan ere, lehen azaldu moduan, kirol-harreman batetik haratago doa eta lagungarria da Derioko eguneko egoitzara etortzen diren pertsonak –gizartetik kanpo daudenak edo egoteko arriskuan daudenak– errealizatuta sentitu daitezen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).