Omenaldian parte hartu zuten biktimen 300 senide inguruk eta horiekin batera izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Aintzane Ezenarro Gogoraren zuzendaria, Esther Apraiz Derioko alkatea, Igotz Lopez Zamudioko alkatea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. “Kausa justua defendatu zuten: askatasuna, beren herrialdearen defentsa eta autogobernua, justizia soziala, printzipio eta balio demokratikoak. “Gaur, beste behin, ozen eta argi esaten dugu: bidegabeki hil zituzten”, esan zuen Urkulluk. Gainera, omendutako biktima asko Vista Alegre hilerriko hormen kontra fusilatu zituzten. “Horma horiek frankismoaren basakeriaren sinbolo dira gaur egun, eta batez ere duintasunaren, memoriaren eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko sinbolo”.
Bestalde, hiru biktimaren senideek hildakoak ekarri zituzten gogora, eta exekuzioen gaineko bideoa ikusi zuten bertaratutakoek. Azkenean, gaur egun kontserbatzen den horma baten bi aldeetan, oroitzapeneko bi plaka jarri ziren; horietan Derioko hilerrian exekutatu eta lurperatutako pertsonen izenak jaso dira, guztira 523 pertsona.