Enplegu Plana onartu du Deriok, eta bi peoi kontratatzeko epea zabaldu

Aikor aldizkaria 2022ko api. 1a, 15:10

2022rako Enplegu Plana onartu berri du Derioko Udalak. Enplegua sortzea bere ardatz nagusia dela, planak udalerrian langabeziaren balizko ondorioak arintzea eta herriko hazkunde ekonomikoa bultzatzea ditu helburu. Horretara 85.000 euro bideratu dituzte.

Planak lau lerro nagusi ditu. Lehenengo eta behin, hiru lanpostu sortuko dira: sorosle bat hiru hilabeterako, eta zerbitzu anitzetako bi peoi sei eta bederatzi hilabeterako. Guztira 60.000 euro zuzenduko dira horretara. Bigarrenez, 20 bat pertsonarentzako prestakuntza antolatuko da (7.000 euro), hezkuntzako eta aisialdiko monitorearen titulua atera dezaten. Hirugarrenez, 6.000 euro bideratuko dira enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko aukera handitzen duten prestakuntza-ekintzetara, eta, azkenik, 12.000 euro zuzenduko dira kontrataziorako laguntzetara. Azken horiei dagokienez, sei kontratazio-laguntza emango dira, bakoitza 2.000 eurokoa, udalerrian erroldatutako pertsonak, langabeak eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenak kontratatzeko. Lan-kontratuak mugagabeak edo iraupen jakinekoak izan behar dira, eta gutxienez hiru hilabetekoak eta lanaldiaren % 50ekoak.     

Planari lotuta, udalak zerbitzu anitzeko bi peoi kontratatuko ditu sei eta bederatzi hilabeterako. Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek jo dezakete www.deriokoudala.net eta www.somostxorierri.com webguneetara, eta bertan azaltzen diren argibideei jarraitu. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 13an amaituko du. Eskabideak Gertuan herritarrentzako arreta-bulegoan aurkeztu behar dira: astelehen, eguazten, eguen eta barikuetan, 08:30etik 15:30era. Informazio gehiagorako: 944 541 019.

Udalaren aurreikuspenen arabera, peoiak maiatzerako hautatuko dira eta hil horretan zabalduko da soroslea kontratatzeko epea. Gainerako jarduerak datozen hilabeteetan ipiniko dira martxan.