Derioko udalekuetan izena emateko epea, apirilaren 19ra arte zabalik

Aikor aldizkaria 2022ko api. 5a, 09:54

Derioko Udalak jakinarazi duenez, udalekuak izango dira uztailean eta abuztuan. Udalekuak 2010 eta 2017 urteen artean jaiotako umeentzat dira eta euren helburua da “udako oporretan lana eta familia bateragarri egiten laguntzea, baita gune seguruak eta aukera berriak sortzea, umeek zein gazteek beren ingurukoekin harremanak landu eta ondo pasa dezaten”. Aurtengo nobedadeak dira udaleku tematikoak eta jantoki-zerbitzua berreskuratu dela.

Uztaileko zein abuztuko ordutegia izango da 09:00etatik 14:00etara, baina 30 minutu lehenago sartu ahalko da, eta 30 minutu beranduago irten. Bost eguneko asteek 35 euro balioko dute, eta lau egunekoek, 28 euro. Gainera, beherapenak izango dira anaia-arrebentzat. Jantoki-zerbitzua egongo da, baldin eta aste berean gutxienez 20 eskaera badaude. Bost eguneko asteetan, jantokiak 50 euro balioko du, eta lau eguneko asteetan, 40 euro.   

Izena aurretik emateko epea apirilaren 19ra arte egongo da zabalik udalaren webgunean. Lekuak zozketatuko dira, eta onartuen zerrenda posta elektronikoaren bidez jakinarazi. Derioztarrek lehentasuna izango duten arren, Derioko langileen seme-alaben eta eskolan matrikulatutako umeen eskaerak jasoko dira, nahiz eta herrian erroldatuta ez egon.

Uztaileko txanda izango da ekainaren 27tik uztailaren 29ra. Orotara bost aste izango dira eta gehienez hiru astetan eman ahalko da izena. Asteko ekintzak egongo dira: irteera, talde-jolasak, ingelesezko jarduerak eta igerilekua. Abuztuko txandan ere bost aste izango dira, abuztuaren 1etik irailaren 2ra, eta gehienez hiru aste aukeratu ahalko dira. Aste tematikoak izango dira: antzerkia (ingelesez), zirkua (euskaraz), zientzia (euskaraz eta ingelesez), robotika (euskaraz) eta multikirola (euskaraz).