Bizkaiko Infernuak Derion izango du irteera eta helmuga maiatzaren 28an

Aikor aldizkaria 2022ko api. 27a, 09:42

Aspanovas elkartearekin lankidetzan, Casco Viejo elkarteak Muros de Bizkaia – Bizkaiko Infernua martxa zikloturista antolatu du maiatzaren 28rako. Azaldu dutenez, ekintza ez da lehiaketa eta helburua da hezur-muina ematearen garrantzia azpimarratzea. Martxak Derion izango du irteera eta helmuga.

Ibilbide bi egongo dira: bata, 117 kilometrokoa (2.691 metroko desnibela), eta bestea, 93 kilometrokoa (2.142 metroko desnibela). Parte-hartzaileak 08:30ean (1. txanda) eta 08:45ean (2. txanda) aterako dira Deriotik, eta, Bizkaiko errepideetatik ibili ostean, espero da Deriora 12:30etik 14:00etara bitartean ailegatu daitezela.

Martxan 18 urtetik gorako lagunek hartu ahalko dute parte, eta aurten 18 urte betetzen dituztenek ere bai. Izen ematea web ofizialaren bidez egin behar da. Federatuta daudenek 32 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatuta ez daudenek, 40 euro; prezioaren barruan asegurua dago. Izena eman ondoren, parte-hartzaile bakoitzak etxean jasoko ditu dortsal txipaduna eta martxaren maillot ofiziala. Martxan kaskoa erabili beharko da, eta bataz besteko abiadura orduko 25 kilometrokoa izango da. Bestalde, gutxieneko abiadura ezarri da: orduko 20 kilometrokoa. Informazio gehiago eskuratzeko, www.murosdebizkaia.com webgunera jo daiteke.