Derioko Udalak espero du urte amaierarako bizitegi-zona guztietan LED argiak egotea

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 2a, 11:49

Derioko Udala duela hiru urte hasi zen herriko argien ordez LED argiak ipintzen, eta, prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, espero du urte amaierarako bizitegi-zona eta baserri guztietan LED argiak egotea. Azaldutakoaren arabera, 1.400 argi baino gehiago ordezkatuko dira eta horretarako 775.000 euroko inbertsioa egingo da.  

Egindako azken lanei dagokienez, udalak 17 argi ordezkatu ditu Larrabarri ibilbidean, eta argi berri bi ipini. Gainera, bere esanetan, argien zutabeek 5 m-ko altuera dute eta horrela ekiditen da zuhaitzek “aurreko luminarietan egiten zuten pantaila-efektua, argiak 10 metroko zutabeen gainean jarrita baitzeuden. Argiztapenaren kalitateaz gainera, zonaldearen segurtasuna ere hobetuko da. Guztira 30.000 euroko inbertsioa egin da eta aurrekontuetan aurkeztutako zuzenketa baten ondorioa da”. Bestalde, udalak aipatu du aurrerago espaloia konponduko dutela, “zuhaitzen sustraiek bide-zorua altxatu dutelako”.  Lanek eskolako bidea hobetuko dute eta indartuko du “Eskolara Lagunakaz” egitasmoa, zeinak ikasleei eskolara oinez joateko gonbitea egiten baitie.  

Udalak gogora ekarri du 2021eko urrian 47.000 euroko baino gehiagoko inbertsioa egin zela Urbasa zonaldean, Mungialde etorbidearen atzealdean, Herriko plazan eta Gaztelumendi plazan 44 argi jartzeko. “Era berean, 2021eko martxoan 80 argi baino gehiago ordezkatu ziren Gorbeia kalean, Uribe parkean eta Larrabarri kalean, eta 2020ko otsailean beste 19 argi, 160.000 euro inguruko inbertsioa eginda”.  

Esther Apraiz alkatearen hitzetan, argi publiko guztiak berritu ondoren, iraunkortasunaren arloko beste neurri batzuk eramango dituzte aurrera.