Sanisidroak bueltan dira!

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 10a, 11:22

Bi urte daramatzagu COVID-19ak eragindako pandemiaren barruan eta apurka-apurka ohiko bizitza gabiltza berreskuratzen. Esate baterako, herriko jaiak itzuli egingo dira eta Derion Sanisidroak ospatuko dituzte maiatzaren 13tik 16ra bitartean. San Isidro Jai-batzordeak hamar urte bete ditu aurten eta egitarau oparoa prestatu du adin guztietako lagunak kalera atera daitezen eta jaiez gozatu dezaten.

Bai, aurten, azkenean, herriko jaiak izango ditugu. Azken urte biak gogorrak izan dira guztiontzat, baita San Isidro jai-batzordearentzat ere. "Hainbeste denbora pasatu eta gero, ez da erraza izan berriro martxan jartzea. Lan handia egin behar izan dugu egitaraua betiko formatuan mantendu ahal izateko. Luze itxaron dugu eta gogor egin dugu lan dena antolatzeko: espero dugu bilatzen egon garen aniztasuna aurkitu izana eta jendeak jaietan parte hartzea. Baina, garrantzitsuena hauxe da: denok ondo pasatzea", esan dute jai-batzordekoek.

"Luze itxaron dugu eta gogor egin dugu lan dena antolatzeko, baina garrantzitsuena hau da: denok ondo pasatzea"

Pandemiaren haritik, antolatzaileek uste dute jaiak "normaltasunez" ospatuko direla. Dena dela, kontratu guztiek COVID-19 klausula dutenez, edozer gauza gertatzen bada, mementuan hartu beharreko litezkeen neurriak hartuko dituztela berretsi dute. Jaien kontrako beste mehatxua eraso-sexistak dira eta horiek ekiditeko, behar izanez gero, protokoloa jarriko da martxan. Protokoloa jai-batzordeak eta Koxak herriko talde feministak landu dute elkarrekin batera.

San Isidro Jai-batzordeak hamar urte daramatza herriko jaiak maiatzean antolatzen. Beraz, bere buruari omenaldi txiki bat egingo dio aurten eta pregoia 2012an jai-batzordean ibilitako lagunek irakurriko dute. Nobedadeei dagokienez, garrantzitsuena txosnagunearen kokalekua izango da, aurten berria izango baita: txosnak kiroldegiaren eta frontoiaren al­boko aparkalekuan jarriko dira. Gainera, ekitaldi berri batzuk izango ditugu: Yogurina Borovak ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 15ean, bazkalostekoa girotzeko; era berean, Emaus Fundazioaren laguntzarekin, zunba erakustaldia egingo da txosnagunean, maia­tzaren 14an; azkenik, Eleder magoa lehendabiziko aldiz arituko da Derioko jaietan.

Txosnak kiroldegiaren eta frontoiaren alboko aparkalekuan jarriko dira aurten

Kontzertuak

Jai-batzordeak esan duenez, kontzertuak dira normalean jende gehien erakartzen duten ekitaldiak. "Beti saiatzen gara tokian-tokiko taldeei bultzadatxoa ematen; gainera, talde ezagunagoak ere ekartzen ditugu, jaiei aniztasuna emateko". Barikuan, Ziprexa, Sua, Bidean erromeria eta DJ Reimy igoko dira taula gainera; eta zapatuan, Matxinada, TOC, Skakeitan eta Gazte Dantza Gauak. Saio guztiak txosnagunean egingo dira 22:30etatik aurrera.

Besteak beste, Sua, Matxinada, TOC eta Skakeitan taldeak arituko dira

Musikari lotutako beste ekintza batzuk ere egingo dira: maiatzaren 13an, pregoia irakurri eta gero, Broken Brothers Brass Band talde nafarra herrian gora eta behera ibiliko da, giroa animatzen; eta hurrengo egunean, hitzordu bi azpimarratu behar dira. Batetik, Lainomendi dantza taldeko emanaldia, dantzari derioztarrek, betiko moduan, herriko jaiekin bat egingo dutelako; eta bestetik, karaoke ibiltaria. "Lainomendi taldekoa beti antolatzen dugu, arrakastasua delako. Eta karaokea ere gustatzen zaio jendeari".

Herri bazkariak

Herri bazkaria da beste ekintza garrantzitsuenetariko bat Derion. Aurten, bi antolatu dira txosnagunean: bata, gazteentzat, maiatzaren 14an; eta bestea, guztientzat, hurrengo egunean. "Zapatuan, koadrilla bakoitzak bere janaria ekarri beharko du, eta guk mahaiak eta aulkiak jarriko ditugu. Ostean, jokoak antolatuko ditugu, animoak pizten hasteko; eta domekan, bingoa egingo dugu", esan dute jai-batzordekoek.

Herri bazkari bi antolatuko dira: zapatuan, gazteentzat; eta domekan, guztientzat

"Adin guztietarako ekitaldiak ekartzen saiatzen gara", aipatu dute antolatzaileek. Umeek, esate baterako, Xaibor diskofesta izango dute maiatzaren 14an, 12:30ean. Gainera, azken egunean, maiatzaren 16an, hainbat ekintza antolatuko dira frontoian bai goizez, bai arratsaldez: puzgarriak, jolasak... Egun berean, astelehenean, marrazki-lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute gazteek eta haurrek. Eta jaiak behar bezala bukatzeko, txokolatada eskainiko da azken txanpan, jaiei agur esan baino apur bat lehenago.

 

Jai-egitaraua

Maiatzak 13, barikua

–19:00 Pregoia eta txitxiburduntzia, herriko plazan

–19:30 Broken Brothers Brass Band, herriko plazan hasita, kaleetan zehar

–22:00 Kontzertuak, txosnagunean: Ziprexa, Sua, Bidean erromeria eta dj Reimy

Maiatzak 14, zapatua

–10:00 VI. Zumbathlon, zumba erakustaldia, txosnagunean

–12:30 Xaibor diskofesta, Sollube kalean

–15:00 Gazte-bazkaria eta jokoak, txosnagunean

–18:00 Euskal dantzak, Lainomendi taldearen eskutik, herriko plazan

–19:00 Karaoke ibiltaria, txosnagunean hasita, kaleetan zehar

–22:30 Kontzertuak, txosnagunean: Matxinada, Toc, Skakeitan eta Gazte dantza gauak

Maiatzak 15, domeka

–9:00 XXV. Elikagai eta Eskulangintza Azoka, Kultur Birikaren inguruan

–15:00 Herri-bazkaria, txosnagunean

–16:30 Bingoa, Yogurina Borovak girotuta, txosnagunean

–17:30 Eleder magoa, txosnagunean

Maiatzak 16, Astelehena

–11:30-13:30 Ume eta gazteen ekintzak, frontoian

–12:30-13:30 Marrazki-lehiaketa, frontoian

–16:00-18:00 Ume eta gazteen ekintzak, frontoian

–18:00 Marrazki-lehiaketaren sariak banatzea, frontoian

–18:00 Txitxarrilloa, txosnagunean

–19:30 Txokolatada, txosnagunean

–20:30 Jaiak amaitzea

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).