Txangoa antolatu da Muskizera

a: visitenkarterri.com 2022ko mai. 12a, 09:55

“Derio Euskadi ezagutzen” ekimenaren baitan, Untza mendi taldeak eta Derioko Udalak bigarren saioa antolatu du maiatzaren 29rako. “Helburua da familiei Euskadiko hainbat txoko ezagutzeko aukera ematen dieten txangoak eta ibilbideak antolatzea, eta, hortaz, jarduera osasungarriak sustatzea”. Bigarren txangoa Muskizera izango da, eta El Pobal auzoa eta La Arena hondartza lotzen dituen 8 kilometroko ibilbidea egingo dute.

Azaldu dutenez, familiako kide guztiek egiteko moduko ibilbidea da. Autobusa 09:00etan aterako da frontoiaren atzealdetik eta Deriora 13:00ak aldera itzuliko da. Doako ekintza da, baina aldez aurretik izena eman behar da kirol@deriokoudala.net helbide elektronikora idatzita eta datu hauek adierazita: izen-abizenak, telefonoa, emaila eta NANa). Bestalde, lehen txangoa martxoan egin zuten. Nerbioi ur-jauzira joan ziren eta txangoan 170 lagun baino gehiagok hartu zuten parte.