Bi txorierritar arituko dira zapatuan, Derio Koparen finaletan

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 1a, 14:29

Zapatuan, ekainaren 4an, Bizkaiko Lau t´erdiko Txapelketa-Derio Koparen finalak jokatuko dira Derion. Txapelketa azken bi hilabeteotan jokatu da. Finalisten artean, pilotari txorierritar bi ditugu: Oier Hormaetxe lezamarra eta Aiala Uriarte loiuztarra. Aurkezpena atzo egin zen Derion, Kultur Birikan. Besteak beste, Aitor Aurrekoetxea Derioko Kirol eta Hezkuntza sailen zinegotzia eta Enaitz Olaeta Bizkaiko Pilota Federazioaren presidentea izan ziren bertan. 

Emakumezkoen bigarren mailan, Aiala Uriartek (Lezamako pilota kluba) Amaia Zarrabeitiaren (Arkupe) kontra jokatuko du arrastian. Partida horren ostean, nagusien lehenengo mailan, Oier Ormaetxe (Lezama) Gaizka Karregalen (Adiskide) aurka arituko da. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, beste partida bi jokatuko dira: gazteen lehenengo mailan, Igotz Bilbao (Kurene)-Aingeru Bernaola (Lea); eta kadeteen lehenengo mailan, Mikel Egurrola (Markina)-Unax Ramirez (Kurene). 

Jaialdia 10:00etan hasiko da. Goizez, beste bost partida jokatuko dira: kadeteen hirugarren mailan, Ibai San Anton (Olaburu)-Haimar Egaña (Lemoa); kadeteen bigarren mailan, Peio Gurrutxaga (Olaburu)-Luken Atutxa (Hori Hori); gazteen bigarren mailan, Beñat Rementeria (Olaburu)-Unax Martinez (Danok Lagunak); nagusien bigarren mailan, Lier Arrien (Lagun Onak)-Enoc Iglesias (Upo Mendi); eta emakumezkoen lehenengo mailan, Olatz Arrizabalaga (Lea)- Enara Gaminde (Lea).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).