Derio Kopa

Uriarte, txapelduna; Hormaetxe, txapeldunordea

a: Nexis 2022ko eka. 6a, 11:54

Asteburu honetan Bizkaiko Lau t´erdiko Txapelketa-Derio Koparen finalak jokatu dira Derion. Txapelketa azken bi hilabeteotan jokatu da. Finalisten artean, pilotari txorierritar bi izan ditugu: Oier Hormaetxe lezamarra eta Aiala Uriarte loiuztarra. Lehenengoak ezin izan zuen txapela jantzi; bigarrenak, aldiz, txapelketa irabazi zuen.  

Emakumezkoen bigarren mailan, Aiala Uriartek (Lezamako pilota kluba) 22 eta 6 irabazi zion Amaia Zarrabeitiari (Arkupe). Hasieran, partida orekatua izan zen, baina seigarren puntutik aurrera loiuztarra argi eta garbi nagusitu zen. Uriartek urte bi daramatza pilotari eta aurten Bizkaiko Federazioaren hiru txapelketatan hartu du parte; eta hirurak irabazi. 

Bestetik, nagusien lehenengo mailan, Oier Ormaetxek (Lezama) 22 eta 18 galdu zuen Gaizka Karregalen (Adiskide) aurka. Partida gogorra izan zen: hasieran, Karregal nagusitu zen; geroago, Hormaetxek buelta eman zion markagailuari; azkenean, lezamarrari pilota batzuk txapara joan zitzaizkion; beraz, ezin izan zuen txapela jantzi.