Deriok astelehenean abiatuko du 2023rako aurrekontuetan parte hartzeko prozesu berria

a: Foto de Element5 Digital (Pexels) 2022ko eka. 24a, 10:38

Herritarren proposamenak ekainaren 27tik uztailaren 23ra bitartean jasoko dira. Udalak 120.000 euro bideratuko ditu, herriaren bizi-kalitatea hobetzeko, derioztarrek egiten dituzten proposamenak gauzatzeko.  

Umeen Kontseiluarekin batera egindako lanari esker, helburua da aurten herriko umeak eta gaztetxoak partaidetzarako motor bihurtzea, bai proposamenak jasotzeko, bai proiektuak bozkatzeko. Udalak gutun pertsonalizatu bana bidali die, bertan beren ideiak ipini ditzaten. Gutunarekin batera, fitxa pertsonalizatu bana ere bidali die eta hura hain zuzen erabili beharko dute irailaren amaierako bozketa-prozesuan parte hartzeko. Halaber, bideoa egin da, prozesuan nola parte har dezaketen umeei azaltzeko.

Gainerako herritarrei dagokienez, prozesuan 16 urtetik gorako edonork hartu ahalko du parte. Proposamenak Gertuan herritarrentzako arreta-zerbitzuan edo Kultur Birikan aurkeztu ahalko dituzte, horretarako inprimakiak erabilita. Proposamenak wengunearen bidez (https://labur.eus/aurrekontupartehartzaileak2023derio) edo inprimakia partaidetza@deriokoudala.net helbide elektronikora bidalita ere egin ahalko dira.

Bigarren fasea uztailaren 26tik irailaren 16ra bitartean izango da eta bertan proposamenen bideragarritasuna aztertuko da. Hauek hartuko dira kontuan: udalaren eskumeneko proposamenak izatea, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izatea, ekonomia- eta finantza-iraunkortasuna justifikatzea, herritar guztien interesa eta ongizatea lehenestea eta biztanleen bizi-kalitatea eta udal-zerbitzuak hobestea.

Bideragarriak diren proiektuen zerrenda irailaren 23an argitaratuko da udalaren iragarki-oholean eta www.deriokoudala.net webgunean. Proiektuak irailaren 28tik urriaren 3ra arte bozkatu ahalko dira oraintxe aipatutako webgunean bertan, edo teknologia-baliabiderik edo ezagutzarik ez dutenen kasuan, Kultur Birikan edo Gertuan bulegoan.  Emaitzak urriaren 17an argitaratuko dira udal-webgunean zein iragarki-oholean.

Udalak prozesuan parte hartzeko gonbidapena egin die herritarrei. Iaz 50 proposamen inguru jaso zituzten. “Gero eta apustu argiagoa eta irmoagoa egiten dugu partaidetza-aurrekontuen alde”, adierazi du Esther Apraiz Derioko alkateak. “Oraingo honetan txikienei eta gazteei entzuten jarraituko dugu. Izan ere, gure ustez, funtsezkoa da herriaren garapenean inplikatu daitezela: Derioren oraina eta batez ere etorkizuna dira. Nolanahi ere, herritar guztiek izango dute udalerria hobetzen laguntzeko eta ekarpenak egiteko aukera”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).