Kudeaketa Planaren % 72 gauzatu du Deriok

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 6a, 11:40

Prentsa-ohar baten bidez zabaldu dutenez, Derioko Udalak 2019-2023 aldirako Kudeaketa Planean ezarritako helburuei lotutako ehunekoei buruzko atal berezia argitaratu du udal-webgunean. “Osasun-krisiak eragindako egoera gorabehera, udalak planean jasotako jardueren % 72 bete du, eta espero du gainerako % 28a 2023ko udaberria baino lehen betetzea”, adierazi dute.

2020ko udan aurkeztutako dokumentuan 85 jarduera jaso zituen udalak, hiru eremu nagusitan antolatuta: Herritarrak, Antolaketa eta Lurraldea. Esther Apraiz Derioko alkateak gogora ekarri du pandemiaren eraginez Kudeaketa Plana herritarren beharrizan berrietara egokitu behar izan zela. “Pandemiaren ondorioei aurre egin behar izan genien eta gogor lan egin behar izan genuen herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko”. Horri dagokionez, udal-langileen lana eta konpromisoa eskertu du, “planean jasotako ekintza asko errealitate bihurtzea ahalbidetu baitute”.   

Lan horren emaitza da Derioko Kudeaketa Plana. Gainera, plan horretan batzen dira azken bi urteetako partaidetza-prozesuetan herritarrek egindako ekarpenak. “Beraz, hiru eragileren artean osatu da dokumentua: ordezkari politikoak, uda-langileak eta derioztarrak. Dokumentu horretan etorkizunari begira Deriok dituen erronka nagusiak batu dira. Erronka horiei ekintza eta proiektu zehatzen bidez ematen ari gatzaizkie erantzuna. Bestalde, azken urtean ahaleginetan ibili gara Kudeaketa Plana 2030 Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotzeko”.  

Udalak azaldutakoaren arabera, aurrerapen handiena Antolaketa atalean izan da, “planean jasotako 16 jarduera ildoen % 86 bete da eta”. Besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira bertan: udal-antolaketa hiru esparrutan ezartzea, zeharkakotasuna optimizatzeko eta tokiko administrazioaren funtzionamendua arintzeko; sistema berria ezartzea etengabeko ebaluazioari begira eta kontuak emateko; eta COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko, planak, aurrekontuak eta neurriak egokitzea.

Herritarrak atalak 28 ekintza zehatz batzen ditu, eta, jakinarazi moduan, ekintzen % 74 egin dira, hala nola dirulaguntzak izapidetzeko prestakuntza eta laguntza ematea, hirugarren adinekoentzako programa/ludoteka abian jartzea eta Umeen Kontseilua sortzea. Azkenik, Lurraldea ataleko 41 ekintzen % 64 bete dira: esaterako, Nagusien Etxea oso-osorik berritzea, Gazianeko skate parkea, Uribe eta Ganbe kaleetan trafikoa lasaitzea eta irisgarritasun-plana eguneratzea.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).