“Eskerrak eman nahi dizkiet azken urteotan bidean topatu ditudan pertsona guztiei. Lasai egingo dut alde, dena eman dudalako eta txikitako helburu eta amets guztiak Athleticen lortu ditudalako. Erronka berriei aurre egiteko garaia heldu da, esperientzia berriak biziko ditut. Onena opa dizuet, eskerrik asko, bihotzez”, aipatu du Vicentek. El Correo egunkariak argitaratu duenez, nahiz eta urtebeteko kontratua zuen, Athleticek ez dio datorren urtea jokalariari ordainduko, derioztarrak hala erabaki duelako. Vicentek Santanderreko Racing taldean jokatuko omen du datorren denboraldian.
Derioztarrak 24 urte ditu eta maila ona eman zuen Bilbao Athleticen: 68 partidetan, 20 gol sartu zituen. Horri esker, “magoa” ezizena jarri zioten. Lehenengo taldean, aldiz, ez du inoiz aukera handirik izan, eta hiru partida baino ez ditu jokatu: lehenengoa, 2020ko urriaren 1ean, Cadizen kontra. Vicentek denboraldi bi eman zituen lagatuta Mirandes taldean. Garai batean, Athletic txorierritarrez josita zegoen, baian gehienek alde egin dute: Gaizka Garitano, Andoni Ayarza, Aitor Elizegi, Iñigo Vicente...