Derioztarrek bost proiekturen artean aukeratu ahalko dute, 2023ko aurrekontuetan sartzeko

Aikor aldizkaria 2022ko ira. 26a, 13:15

Derioko Udalak jakinarazi duenez, orotara 70 proposamen jaso dituzte partaidetza bidezko udal-aurrekontuen prozesuaren harira. Proposamenen bideragarritasuna aztertuta, udalak bost proiektu aukeratu ditu, eta herritarrek irailaren 28tik urriaren 10era arte eman ahalko dute euren botoa, proiektuak 2023ko udal-aurrekontuetan sartu daitezen. Derioko Udalak 120.000 euro zuzenduko ditu boto gehien jasotzen dituzten proiektuak egitera.

Proiektuak hauek dira: Larrabarri eta Santiago kaleen artean gazteentzako pumptrack-gunea eraikitzea (100.000 euro), Errekalde parkean komun publikoa ipintzea (55.000 euro), herrigunean funtzio anitzeko birziklatze-puntua ipintzea (18.000 euro), azalera sintetikoko minigolf-pista ipintzea (13.000 euro) eta bertoko zuhaitzak landatzea (17.000 euro). Bozketan Derioko erroldatutako zazpi urtetik gorako edonork hartu ahalko du parte, eta pertsona bakoitzak boto bat eman ahalko du. Horretarako, formulario digital bat ipiniko da udal-webgunean, proiektu bakoitzaren deskribapena eta guzti. Bestalde, ezagutzarik edo baliabide digitalik ez duten herritarrek Gertuan arreta-bulegora edo Kultur Birikara jo ahalko dute prozesuan parte hartzeko laguntza jasotzera.

Emaitzak urriaren 17an argitaratuko dira udal-webgunean eta -taulan. Ondoren, onartutako ekimenen jarraipena eta kontrola egingo da, harik eta 2023ko aurrekontu-proiektuan sartu eta gauzatu arte.