Pumptrack gunea eta bertoko zuhaitzak landatzea, Derion boto gehien jaso duten proposamenak

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 17a, 13:29

Partaidetzazko aurrekontuen harira, derioztarrek bost proposamenen artean bozkatzeko aukera izan dute, eta, hango udalak jakinarazi duenez, boto gehien jaso duten egitasmoak izan dira Pumptrack gune bat eraikitzea (2.967 puntu) eta bertoko zuhaitz gehiago landatzea (2.307 puntu). Udalak 120.000 euro gordeta zituen boto gehien jaso duten proposamenak gauzatzera.

Gainerako proposamenek hurrengo boto hauek jaso dituzte: hirigunean funtzio anitzeko birziklatze-puntu berria jartzeak, 1.835 puntu; Errekalden berez garbitzen den komun publikoa ipintzeak, 1.804 puntu; eta mini-golf pista bat eraikitzeak, 1.332 puntu.   

Udalak azaldu moduan, partaidetzazko prozesuaren bidez aukeratutako egitasmoak 2023ko aurrekontuetan sartuko dituzte, eta gauzatu. Zehatz-mehatz, 100.000 euroko diru-partida aurreikusi da Pumptrack gune berria eraikitzeko. Gunea Larrabarri eta Santiago kaleen artean atonduko da, eta bertan ipiniko dira bizikleta, skatea edo patinetea erabilita gainditzeko oztopoak, bihurguneak eta arekak. Bestalde, 17.000 euroko diru-partida aurreikusi da bertoko zuhaitzak landatzeko.

Udalaren esanetan, aurtengo bozketa-faseak marka guztiak hautsi ditu, izan ere, prozesuan 429 pertsonak hartu dute parte, iaz baino % 335 gehiagok. Gainera, Derioko Umeen Kontseiluak eta Udalak elkarrekin egindako lanari esker, parte-hartzaileen % 19,8 zazpi eta 16 urte bitarteko umeak eta gazteak izan dira, eta ia bikoiztu dute iazko kopurua (% 10).  

Esther Apraiz Derioko alkateak oso positibotzat jo ditu lortutako emaitzak. “Urtez urte ikusten dugu derioztarrek gero eta interes eta konpromiso handiagoa dutela ekarpenak egiteko eta Derio hobe bat egiteko. Horregatik jarraituko dugu udal kontuen kudeaketa irekia, gardena eta partaidetzazkoa egiten. Guztion artean egitea da modu bakarra Deriok aurrera egiteko eta Derio eraldatzen jarraitzeko”.