Beste biribilgune bat egingo da Derion, Txorierri Etorbidean

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 3a, 07:16

Udalak jakinarazi duenez, helburua da bide-segurtasuna hobetzea. Biribilgunea Larrabarri ibilbideko bidegurutzean hain zuzen eraikiko da, eta bertatik ibilgailu handiak, autobusak kasu, pasatu ahalko dira eta bertan biratu. Gainera, “zirkulazioa lasaituko da, semaforoak eta ezkerraldeko birak kenduta”. Udalak 93.109 euro ipiniko ditu lanetan. Horiek laster hasiko dira eta, aurreikuspenaren arabera, hilabete bat iraungo dute.

“Derioko komunikazio-bide nagusietako bat da. Egunero auto asko biltzen dira bertan, eta inguruan beste eraikin edo zerbitzu batzuk daude; ikastetxeak, haien artean. Horrek ekartzen du inguruan ibilgailu eta oinezko asko egotea. Biribilgunearen helburua da inguruko komunikazioak berrantolatzea, trafikoa arinduz eta segurtasun handiagoa bermatuz”, adierazi du Esther Apraiz Derioko alkateak.