Esther Apraiz berriro izango da Derioko alkategaia

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 18a, 08:59

Derioko EAJren Uri Buru Batzarrak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, Esther Apraiz, gaur egungo alkatea dena, berriro izango da EAJren Derioko alkategaia 2023ko maiatzeko hauteskundeetarako. “Batzarrak oso positibotzat jo du Apraiz udalean egiten dabilen lana”, azaldu dute.

Apraiz oso pertsona kualifikatua dela nabarmendu dute, udal-kudeaketan esperientzia handikoa eta lanerako eta lidergorako gaitasun handikoa. “Pandemia baten erdian, arazoei eta beharrei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du. Derio eta derioztarrak ondo ezagutzen ditu. Esther Apraiz da Deriok behar duen pertsona, udalerriak ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egiten jarraitu dezan”.

Apraizek, bestalde, eskerrak eman dizkie berarengan konfiantza izateagatik. “Derio bihotzean dut eta ilusio handiz hartzen dut erronka hau. Ez dago zure herriko alkate izatea baino pribilegio handiagorik”. Hala, alkatetzara aurkeztuko da “Derioko etorkizuneko erronkei ahalik eta ondoen erantzuteko eta derioztarrek nahi dituzten bizi-proiektuak garatzeko eta herri moduan hobetzen jarraitzeko”. Hautagaiak adierazi du gogotsu dagoela eta talderik onena osatuko duela, “Deriok behar eta merezi duen motibazioarekin aurrera egiteko”.

Esther Apraiz (Derio, 1976) ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta Hirigintzako Administrazio Orokorreko teknikaria izan da Bilboko udaletxean. Apraiz Derioko hirigintza arloko zinegotzia izan zen 2011tik 2015era bitartean, eta azken zortzi urtean, Derioko alkatea. Adierazi moduan, gogoko ditu kirola, zinema eta musika, eta aisialdia familiarekin eta lagunekin gozatu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).