Abenduaren 23ra arte jaso ahalko dira jostailu solidarioak Derion

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 13a, 08:15

Derion jostailu-bilketa solidarioa egin dute herriko gazte batzuek, Emaus Fundazioak eta Apnabi elkarteak. Jostailuak gaurtik abenduaren 23ra bitartean banatuko dira Kultur Birikan, egunero eta hurrengo ordutegi honetan: astelehen, martitzen eta eguaztenetan, 11:00etatik 13:00etara; eguen eta barikuetan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19.30era; eta zapatu eta domeketan, 11:00etatik 13:00etara.

Joanes Camara da Emaus Fundazioko gizarteratze-teknikaria. Azaldu digunez, herriko gazte bat, Alazne Prieto, hasi zen ekimena antolatzen duela hiruzpalau urte. “Lagunek laguntzen zioten. Bestalde, Emaus Fundazioko kideok iaz hartu genuen lehen aldiz parte proiektuan, eta aurten Apnabi elkarteak egin du egitasmoarekin bat”. Jostailuak Derioko Udalak Kultur Birikan utzitako lokalean batu dituzte. “Jostailu asko batu diren arren, aipatu beharra dago iazko bilketa askoz arrakastatsuagoa izan zela. Aurten jostailu gutxiago ekarri dira; hala ere, denetarik dago: baloiak, puzzleak, panpinak, bizikletak… Gehienak umeentzako jostailuak dira, baina gaztetxoentzat ere badaude”. Jostailu batzuk egoera onean daude; beste batzuei, berriz, aleren bat falta zaie edo ez daude hain egoera onean. “Guk jostailuak sailkatzen ditugu: ea apurtuta dauden, zerbait falta zaien… Gaika ere sailkatzen ditugu”.

Beharrizana duena abenduaren 23ra arte hurbildu daiteke Kultur Birikara. “Edozein herritako pertsonak hurbildu daitezke. Iaz, esaterako, Bilboko lagun batzuk ere etorri ziren. Jostailuak jasotzeko aldia gaindituta jostailurik egonez gero, Afrikara bidaliko ditugu: Togora, Novisi elkartearen bidez, eta Ghanara”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).