Bi urte daramatzagu Derion

t eta a: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2022ko abe. 22a, 11:32

Urte-amaierarekin batera ailegatzen dira senideekin eta lagunekin batzeko egun esanguratsuak, ospatzeko eta urte berriari aurre egiteko indarrak berritzeko egunak. Gabonei buruz ari naiz, jakina! Hala ere, Derioko PAI Bitartean zerbitzuan eguneko zentroaren urteurrena ere ospatzen dugu. Berton bi urte daramatzagu lanean eta behar izan duten pertsonei laguntza ematen.

Hasiera zaila izan zen: COVID-19ak eragindako pandemia betean geunden eta, ondorioz, ezin izan genion egitasmoa komunitateari nahi moduan aurkeztu, ezta komunitatearekin nahi genuen harremana izan ere. Nolanahi ere, ereinez joan garen haziek fruituak eman dituzte, eta sentitzen dugu herrian zein inguruetan gero eta ikusgarritasun handiagoa dugula, baita gero eta parte-hartze handiagoa ere. Gero eta pertsona gehiagok ezagutzen gaitu eta gero eta kolaborazio gehiago egiten ditugu elkarteekin eta erakundeekin. Gure kontaktu-sarea handitu da, eta egunero ideia berriak bururatzen zaizkigu hainbat proiektu hasteko.

Egunetik egunera Derion egiten dugun lana aztertuz gero, bistakoa da inguruko dinamika ona dela. Ganbara Gizarte Irratiaren bidez, komunitatean garrantzitsuak diren eragileak elkarrizketatzeaz gainera, egoitzaren erabiltzaileen ahotsa gehien erabiltzen diren plataformetara eramaten ditugu, hala nola YouTubera eta Spotifyra. Astero, udalaren eskutik eta Athletic Fundazioak edo Lantegi Batuakek lagunduta, udalaren kirol-azpiegiturak erabiltzen ditugu kirola egiteko. Era berean, herritarrengana hurbiltzeko, ikastaroak egin ditugu, hitzaldiak eta erakusketak. Beste elkarte batzuei laguntzeko kanpaina solidarioak ere antolatu ditugu, esterako, jostailuak batzea, zumbathlon edo M8ko eskumuturrekoak.

Txorierrin bi urte daramatzagu, eta, beharbada, gurea bezalako egoitza batentzat ez da ondorio handiak ateratzeko hain denbora-tarte luzea. Baina sentitzen dugu norabide zuzenean gabiltzala eta horregatik ildo beretik jarraituko dugu. Izan ere, gure nahia hau da: urte bi hauek izatea askoz urte gehiago iraungo duen harreman baten hasiera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).