Udalak azaldu duenez, urte asko daramatzate mugikortasun jasangarria bultzatzen eta bizikleta erabiltzea bultzatzen, “kontuan hartuta garraiobide ez kutsagarria eta osasungarria dela, eta ibilgailuen trafikoa murrizteko baliagarria”. Gainera, “gero eta derioztar gehiagok bizikleta erabiltzen dute herrian mugitzeko, eta, logikoa denez, erosotasunez eta segurtasunez egin ahal izateko eskatzen dute”. Era berean, 2023+ Bizkletazko Derio planean jaso da beharrezkoa dela bizikletak bide publikoan gordetzeko ekipamenduak izatea eta erakargarritasun handiko guneetan zenbait kokaleku identifikatzea. Haietako bat da eskolaren eta institutuaren arteko gunea.
Horri lotuta, datozen hilabeteetan tren-geltokiaren ondoan beste aparkaleku bat ipintzeko asmoa du udalak. “Ekipamendu ezberdina izango da, itxia eta kudeaketa-sistema edukiko duena. Bizipark programaren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako egitasmoa izango da. Programa horren helburua da bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzea eta garraiobideen arteko intermodalitatea sustatzea, ibilgailu pribatuaren kalterako”, esan dute.