Inaugurazio-ekitaldian batu dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Iñaki Orbe Hezkuntzako lurralde-ordezkaria eta Esther Apraiz Derioko alkatea. Horiek instalazio berriak bisitatu dituzte, Ainhoa Ajuriagogeaskoa institutuko zuzendariak lagunduta.
Eraikin nagusiaren hegoaldean altxatu da eraikin berria, eta pasabidea egin da eraikin bietako lehen solairuak lotzeko. Aurreko lerroetan aipatutako DBHko ikasgelez gainera –guztira 21– , eraikin berrian kokatu dira, besteak beste, pedagogia terapeutikoko gela, teknologiako bi lantegi-ikasgela, zientzia laborategia, liburutegia, plastika-gela eta musika, dramatizazio eta ikus-entzunezko gela. Era berean, eraikin berriari erantsita egin dira gimnasio berria eta horren aldagelak eta dutxak. Aterpea ere eraiki da, ibilgailuen eta autobusen parkinetik sarbide gisa.
Beste aldetik, institutuko eraikin nagusian ere egin dira berritze-lanak. Horrela, beheko solairuan pasabidea ireki da bi patioak eta kirol-pistak lotzeko, eta eraikineko hegaletako bat luzatu da, bertan ikasgela osagarriak ipintzeko. Halaber, barruko gune batzuk birbanatu eta berrantolatu dira, eta komunak egokitu dira. Azkenik, aparkalekua egin da kanpoaldean, ikasleak modu seguruagoan autobusera sartzeko eta handik irteteko.
2022-2023 ikasturtean, DBHko eta Batxilergoko 780 ikasle eta 96 irakasle daude Txorierri Institutuan. DBHko 1., 2. eta 3. mailetako ikasleen gelak eraikin berrian kokatu dira, eta DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleen gelak eraikin nagusian.