Derioko talde politiko guztiek gaitzetsi dute autobus-gidari derioztarrak jasandako eraso larria

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 20a, 14:15

Joan den zapatuan, urtarrilak 14, Bizkaibuseko Bilbao-Mungia lineako gidari batek eraso larria jaso zuen Bilbon. Jakinarazitakoaren arabera, hiru neska gaztek gidaria aterarazi zuten autobusetik eta jipoitu zuten. Emakumeak konortea galdu zuen eta Basurtuko ospitalera eraman zuten, kontusio batzuk zituela. Emakume derioztarra da erasotakoa, eta hango udaleko talde politiko guztiek aho batez onartu dute adierazpena, Derioko bizilagunak jasandako eraso larria gaitzesteko.

Adierazpenean jaso den moduan, erasoa irmo gaitzesteaz gainera, Derioko Udalak “babes eta elkartasun osoa eskaintzen die erasoa jasan duen emakumeari, haren senideei eta Bizkaibuseko langile guztiei, Bizkaiko herritar guztientzat funtsezkoa den zerbitzuaren funtzionamendua ahalbidetzen baitute”. Era berean, “une honetan behar dituen udal-baliabide guztiak jartzen ditu biktimaren esku”.

Bestalde, eskerrak eman dizkie “esku hartu duten profesional guztiei, bai biktimari emandako arretagatik, bai martxan jarritako ikerketa-lanengatik”, eta adierazi du konpromiso irmoa duela “pertsonen oinarrizko eskubideen eta duintasunaren aurka doan edozein indarkeria motaren kontra lan egiten jarraitzeko”.  Azkenik, dei egin die herritarrei “bere egiteko edozein motatako indarkeria onartezinen kontrako borroka, erne iraun eta konpromisoa har dezatela indarkeria hau jasaten duten pertsonei lagundu ahal izateko”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).