Derioko Seminarioko hiru apaizek egindako sexu-abusuak antzeman dituzte

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 23a, 12:12

Bilboko Elizbarrutiko Batzordeak jendaurrean aurkeztu du Txikikoen Babeserako eta Sexu Gehiegikerien Prebentziorako Txostena. Bertan jasotako informazioaren artean dago Derioko Seminarioari dagokion ikerketa. Horren arabera, 1953tik 1970era bitartean, “Seminario Txikian hiru abade hezitzaileek egindako sexu-gehiegikeriak antzeman dira; hirurak hilda daude”.

Ikerketa Deustuko Unibertsitateak egin du, eta egileen esanetan, “ondorioak ateratzea ahalbidetu duten lekukotasunak dira sinesgarriak”. Salatutako lehen abadea 11-12 urteko ikasleen zuzendari espiritual ibili zen Derion, 1953tik 1956ra bitartean. “Elkarrizketatu diren hainbat lagunek berretsi dute aurretik zabaldutako informazioa: abadegaiekin izaten zituen banako batzarretan sexu-ukituak egin ohi zizkien”. Hala ere, txostenaren egileek adierazi dutenez, bere espediente pertsonalean ez zen jaso hori Ekuadorrera misioetara bidaltzeko arrazoia zenik; Ekuadorren 1970eko hamarkadaren amaierara arte izan zen. Nolanahi ere, “arrazoizkoa da pentsatzea Seminarioko eta Elizbarrutiko arduradunek sexu-abusuen berri izan zutela eta horregatik 1956an Seminario Txikitik irten zela. Ez dago idatziz jasota ez zigortze-prozedurarik zabaldu zenik, ez bere aurka inongo diziplina-neurririk hartu zenik”.

Bestalde, lantaldeak “salaketa sinesgarriak” jaso ditu Seminario Txikian hirurogeiko hamarkadan irakasle ibili ziren abade biri buruz. “Haietako bati dagokionez, lekukotasun bakarra jaso da, baina guztiz sinesgarritzat jotzen da. Bigarren abadea dela-eta, ikasle ohi baten lekukotasun zuzena jaso da: azaldu duenez, 12 urte zituela abade horrek berataz abusatu zuen”. Azkenik, txostenean jaso duten moduan, “ez dago probarik esateko Seminarioko edo Elizbarrutiko arduradunek bazutela abusuen berri”.

Biktimek eskatu dute Eliza katolikoak aitortzea sexu-gehiegikeriak benetan izan zirela eta barkamena eskatu dezala. Era berean, neurri eraginkorrak hartu ditzala eskatu dute, bere erakundeetan, zentroetan eta jardueratan sexu-abusuak berriro ez gertatzeko.

Bilboko Elizbarrutiko Batzordeak azaldu duen moduan, 2019. urtetik hona, 32 espediente zabaldu dituzte adin txikikoen aurka gertatutako sexu-abusuen harira: 18 espediente dira ordena erlijiosoko kideenak, eta 16 espediente, apaizenak; azken horiek guztiak hilda daude. Berrogeita hamabost biktima inguru daude. Kasu guztiak preskribatu diren arren, hiru kasu Fiskaltzaren esku utzi dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).