Derioko argien % 97 dira led argiak

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 24a, 12:39

Derioko Udalak jakinarazi duenez, duela ia lau urte hasi zuten udal-argiak modernizatzeko plana, eta harrezkero 1.500 argi ordezkatu dituzte. Horri dagokionez, eta bizitegi-eremuetan eta baserrietan egindako azken lanen ondorioz, herriko argien % 97 dira led argiak; gainera, helburua da datozen egunetan % 100era iristea. Udalak 600.000 euro ipini ditu argiak aldatzeko, eta, horretarako, 345.000 euro jaso ditu Bizkaiko Foru Aldunditik.

“Derio erreferente bihurtu da Txorierrin, jasangarritasunaren, energia-eraginkortasunaren eta ingurumenaren alde egindako apustu honengatik”, adierazi dute. Azaldutakoaren arabera, gaur egun argiak aldatu diren eremu guztiak aztertzen dabiltza, indartzeko premia duten gunerik dagoen baloratzeko. Hori dela eta, deia egin diete herritarrei, martxoan Gertuan zerbitzuaren bidez euren ekarpenak egin ditzaten: udala@derio.eus; 944 541 019; eta aurrez aurre, astelehen, eguazten, eguen eta barikuetan, 08:30etik 15:30era, eta martitzenetan, 08:30etik 18:00etara.