Txorierriko musika-taldeen lehiaketa antolatu du BANek

a: Dmitry Demidov (Pexels) 2023ko mar. 22a, 11:22

Baserri Antzokiak Txorierriko musika-taldeen lehiaketa antolatu du ekainerako. Lehiaketan 16 urtetik gorako musikariek osatutako taldeek parte hartu ahalko dute, eta gutxienez taldekide batek Txorierrikoa izan beharko du. Talde irabazleak 500 euro jasoko ditu saritzat. Izen-ematea apirilaren 21a baino lehen egin beharko da info@baserriantzokia.eus helbide elektronikora idatzita, edo 634 401 580 telefono-zenbakira deituta.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketan ibili ahal izateko, musika-taldeek gutxienez bi partaide izan beharko dituzte; hau da, ez da bakarlaririk onartuko. Parte-hartzaileen kopuru mugatua egongo da, eta, hortaz, taldeek bideo edo audio bat bidali beharko dute izen-ematearekin batera, antolatzaileek hautaketa egin ahal izateko. Euren erabakia apirilaren 24an emango dute ezagutzera.

Lehiaketa ekainaren 2an eta 9an egiteko asmoa dute. Kontzertu bakoitzak gutxienez 30 minutu iraungo du, eta ez da mezu arrazistarik, homofoborik eta matxistarik onartuko. Epaimahaiak lehiaketaren amaieran esango du irabazlea nor den, eta hori aukeratzeko, musika-maila eta eszenaratzea hartuko ditu kontuan. Edozelan ere, kontzertu guztiak grabatuko dira eta parte-hartzaileek kopia bana jasoko dute. Gutxieneko parte-hartzaileen kopururik ez egotearen ondorioz lehiaketa bertan behera gelditzen bada, antolatzaileek saria eman gabe uzteko eskubidea dute.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).