Egitasmoaren helburua hau da: errealitate birtualaren simulagailuak eta gamifikazioan oinarritutako ikaskuntza-metodologia erabilita, ikasleek laneko arriskuei aurrea hartzen ikastea. Politeknika Txorierrirekin batera, Estatuko beste hiru ikastetxe dabiltza proiektuan: Simon de Colonia LHII (Burgos), Enrique Florez BHI (Burgos) eta Goierri Eskola.
“Suhiltzaile jantzita”, ikasleek hainbat su-mota antzeman behar izan zituzten lehiaketan, eta hainbat egoeraren aurrean nola jokatu erabaki. Simon de Colonia ikastetxeak salbatu zituen bizitza gehien. Lehiaketari begira, asteak eman dituzte entseguak egiten eta hainbat egoeratan trebatzen, hala nola altuerako lanetan eta arrisku elektrikoetan.
“Modu honetan, Politeknika Txorierri erreferente bihurtu da Laneko Arriskuak Prebenitzeko praktiketan, eta, teknologia berrien eta errealitate birtualaren bidezko ezagutza sustatzen du ikasleen artean”, azaldu dute. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioan aurkeztu da egitasmoa, eta horri esker errealitate birtualeko laborategi bana atondu da egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetan. “Laborategiak beharrezkoak diren baliabide guztiak ditu, etorkizunean ere ikasleek jarraitu dezaten laneko arriskuen prebentzioan eta osasun- eta ingurumen-arloetan trebetasunak eskuratzen”.
LUDUS TECH SL enpresak proiektua lagundu du, eta aholkularitza eta prestakuntza eman.