Dena prest sanisidroez gozatzeko

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 9a, 12:08

San Isidroko jaiak ate joka dituzte Derion, eta hango udalak eta jai-batzordeak egitarau oparoa prestatu dute, maiatzaren 12tik 15era bitartean herritarrek gozatu dezaten. Besteak beste, kontzertuak eta musika-emanaldiak izango dira, azoka, bazkariak eta umeentzako jolasak. Ekintzak elkarlanean antolatu dituzte Sutondoan, Odol Argia, Gure Señeak, Lainomendi, Deriocom eta herriko beste eragile batzuekin.

Pregoia barikuan, 19:00etan, irakurriko dute Herriko plazan, eta hala hasiera emango diete aurtengo San Isidro jaiei. Animazio berezia egongo da, eta txitxi-burruntzia, hara hurbiltzen diren guztientzat. Gainera, Joselontxos fanfarrea kalez kale ibiliko da, herriko bazterrak musikaz girotzen. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira. Txosnaguneko agertokira igoko dira Ugerda eta Iheskide musika-taldeak, eta haien atzean, Bidean erromeria-taldea, barikuko festa amaitzeko.  

Zapatuan, txistulariak goizetik ibiliko dira herriko kaleak euren doinuekin alaitzen, eta Xaiborrek diskofesta egingo du Sollube kalean, 12:00etatik aurrera. Herriko kuadrillek bazkaria izango dute txosnagunean eta ondoren euren abilezia erakutsi ahalko dute haientzat prestatuko jokoetan. Bestalde, 19:00etan, txitxarrilloa izango da Nagusien Etxe ondoan, animatzen den guztiak dantza egin dezan, eta, ordu horretatik aurrera ere, Marabiyak Bike Sound System ikuskizunak girotuko ditu herriko kaleak. Zapatu gaueko kontzertuak talde hauen esku izango dira: Ezpalak, Lukiek eta Nikotina. Dj Bravak biribilduko du gaua.

Elikagai eta Eskulangintza azoka da Derioko jaietako ekintzarik nagusienetako bat, eta aurten 45. aldiz egingo da. Saltokiak Kultur Birikaren inguruan ipiniko dira, eta azoka 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Txistuaren doinuek berriro ere alaituko dituzte herriko kaleak, eta 15:00etan herri-bazkaria egingo da txosnagunean. Haren ostean, 16:30ean, bingo berezia izango da Yogurinha Borobak gidatuta. Ohikoa denez, Lainomendi dantza-taldeak dantzen alardea egingo du Herriko plazan; saioa 18:00etan hasiko da. Domekan ere txitxarrilloa egongo da; 19:00etan hain zuzen.

Zaindariaren eguna astelehenean izango da, maiatzaren 15ean. Txistulariak txokorik txoko ibiliko dira goizean, eta 12:30ean meza nagusia egingo da. Astelehena jai-eguna izango da Derion, eta, beraz, ekitaldi-sorta zabala antolatu da ume eta gazteentzat. Horrela, 11:30etik 11:30era, haientzako jolasak egingo dira txosnagunean, frontoian eta inguruko guneetan. Horrezaz gainera, marrazki lehiaketa izango da frontoian, eta 16:00etatik 18:00etara ere ume eta gazteentzako jolasak izango dira lehen aipatutako lekuetan. Besteak beste, puzgarriak eta oreka-jolasak gozatu ahalko dituzte: slackline, malabareak… Marrazki lehiaketaren sariak 18:00etan banatuko dira frontoian, eta 19:00etan txokolatea banatuko da. Los Tximberos bilbainada-taldeak San Isidro jaietako azken orduak girotuko ditu.    

Derion, azkenaldi honetan, ospatu diren jaietan bezala, bariku eta zapatu gauean autobus-zerbitzua egongo da etxera itzultzeko. Autobusa ordu erdiro irtengo da kiroldegiaren ingurutik, 01:00etatik 06:00etara, eta geldialdia egingo du Derioko auzoetan.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).