Jaietan kanpaina politikorik ez egitea eskatu die Derioko jai-batzordeak alderdi politikoei

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 12a, 09:15

Gaur hasi da udal- eta foru-hauteskundeetarako kanpaina, eta gaur ere, arratsaldean, hasiko dira Derioko San Isidro jaiak. Horren haritik, San Isidro jai-batzordeak alderdi politikoei eskatu die jaietan kanpainarik ez egitea. Jai-batzordeak adierazi duenez, jaien helburuak dira “denok elkartzea eta asteburu batean derioztarron jaiak ospatzea eta disfrutatzea.

San Isidro jai-batzordearen esanetan, lanean ibili dira “jai parekideak, askotarikoak eta partaidetzazkoak sortzeko”. “Gure helburua bete dadin, bereziki nabarmentzen dugu ez dugula propaganda politikorik onartuko, ez sare sozialen bidez, ez panfletoak edo alderdi politikoen siglak biltzen dituen edozein objektu banatuz. Ezta ekitaldi politikorik ere”, esan dute gizarte-sareetan.

Txosnagunea lekuz aldatuta

Beste aldetik, jai-batzordeak iragarri du txosnak beste leku batean ipiniko direla aurten, frontoi ondoko kantxa estalian hain zuzen. “Erabakiak ez du jai-batzordearekin zerikusirik izan”, argitu dute.

Eraso sexistarik ez

Azkenik, beste helburu bat da jaigunea leku segurua izan dadila. Hortaz, eraso matxista ikusi edo jasaten duenak Koxak Derioko elkarte feministaren telefono-zenbakira deitu dezake, edo whatsappa bidali. Telefono-zenbakia hau da: 631 849 666. Era berean, txosnara jo daiteke.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).