“Kukudantza elkartearen kide guztiok modu zuzenean edo ez zuzenean ezagutzen dugu Gure Señeak elkartea, eta ondo dakigu euren helburuak zeintzuk diren. Pandemiak kalte handia ekarri die, zeren eta urtean zehar dirua batzeko egin ohi dituzten ekintzak bertan behera utzi behar izan baitituzte. Sarreren salmenten bidez eta txosnan batzen den dirua haientzat izango da osorik”, azaldu dute dantza karibetarren taldearen kideek.
Jaialdia ekainaren lehen zapatuan egingo dute, 18:30etik 20:30era, udal-frontoian. Hasieran esan moduan, jaialdiak zati bi izango ditu. Lehenengo zatian hainbat dantzaren erakustaldia egingo da, eta bigarrenean, dantza-saioa. Jaialdian Derioko talde eta dantzari hauek hartuko dute parte: Piperdun flamenko-taldeak, Lainomendi euskal dantzen taldeak, Mikel Eguia eta Sara Macarrilla areto-dantzen dantzariek eta, jakina, Kukudantza taldeak. Horietaz gainera, hauek ere izango dira ongintzako jaialdian: Meia Meia, Jorge y Bea bailan, Raices taldea, Portugaleteko Andaluziako Etxea, Filohelena Periplo elkartea. Besteak beste, sabel-dantza, dantza grekoak, euskal dantzak, aretoko dantzak eta flamenkoa gozatzeko aukera egongo da Derion.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru sarrera-mota ipiniko dira salgai. Dantza-ikuskizunera eta dantza-saiora joateko sarrerak sei euro balioko ditu; eta dantza-saiora joateko sarrerak, lau euro. Gainera, ilara 0rako sarrerak ere ipiniko dira salgai hiru euroan. “Azken sarrera horiek erosi ditzakete jaialdira joango ez diren, baina Gure Señeak elkarteari dohaina egin nahi dioten pertsonek”. Sarrerak leku hauetan eskuratu ahalko dira maiatzaren 17tik aurrera: Irrintzi tabernan, Algo + que pan okindegian, Mamen perfume-dendan eta Ainara Mendoza ileapaindegian. Derioko Udalak lagundutako ekintza da.