Luis Vázquez deriotarraren taldeak lau medaila lortu ditu Arte Martzialen Open Nazionalean

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 5a, 10:45

Zapatuan, ekainak 3, Arte Martzialen Open Nazionala egin zen zazpigarren aldiz Torrejón de Ardozen, Madrilen. Luis Vázquez deriotarraren zuzendaritzapean, Bizkaiko taldeak lan bikaina egin zuen bertan, etxera lau medaila ekarri zituelako: urrezko bi medaila eta zilarrezko bi medaila, hain zuzen ere. Taldea hauek osatu zuten: Maitane Castaneirak, Iratxe Madariagak, Jose María Morgadok, Aaron Hernandezek eta Rafael Cordobak.

“Poz-pozik gaude gure kirolarien lorpenekin”, adierazi du Vázquezek. “Euren onena eman dute, eta erakutsi dute elkar babestu, errespetatu eta maite dutela; izan ere, familia gara”. Estatutako hainbat txokotatik ailegatutako kirolariak batu ziren openean, eta berriz ere ekintza arrakastatsua izan zen. “Espektatibak bete ziren, eta gustatuko litzaidake openaren antolatzaileen (OEKAM) eta zuzendariaren, Cristina Álvarez, lana azpimarratzea, ahalegin handia egin zutelako, hain ekintza handia antolatzeko. Estatutako eskoletako eta lehiakideen kalitate teknikoa ikusi ahal izan genuen bertan, eta elkarri dioten begirunea ere izan zen nabaria. Era berean, ikusleen jarrera eredugarria ere txalotzekoa izan zen”.