Txorierriko musika-taldeen lehiaketa hasi da BANen

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 5a, 12:50

Baserri Antzokiak (BAN) antolatuta, Txorierriko musika-taldeen lehiaketa hasi da asteburuan. Lehiaketan pop eta rock estiloetako 11 talde dabiltza parte hartzen, eta lehen kontzertuak dagoeneko egin dira. Horrela, barikuan, ekainak 2, Cruce de Miradas, Broken Izotz, Santi Matxete y Los Pieles Rojas eta Perroloco taldeak igo ziren BANeko agertokira; eta zapatuan, ekainak 3, Brokend, Isildu Zaitez, Midnight Road eta Korroxion. “Guztiek oso maila ona erakutsi dute”, esan dute antolatzaileek. Azken kontzertuak aste honetako barikuan, ekainak 9, izango dira: Nada Cool, Rebel to Hope eta Garaje Drama. Kontzertuak amaitzen direnean jakinaraziko da irabazlea nor den, eta horrek 500 euro jasoko ditu saritzat. Txakoli Butroik babestutako ekintza da.