Derio futbol taldea Hirugarren RFEF mailara igo zen zapatuan

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 5a, 15:03

Urte osoan ibili da goiko postuetan Lurraldeko Ohorezko Mailan eta azkenean ametsa egia bihurtu da. Derio futbol taldeak Hirugarren RFEF mailara igotzea lortu zuen zapatuan, Ligako partida bat falta zela. Herrian jai ederra egon zen eta Udalak ongietorria egin zion taldeari.

Deriok aukera bi zituen igotzeko, baina lehenengoan asmatu egin zuen. Izan ere, 1 eta 0 irabazi zion Getxo taldeari Ibaiondon, zaletuen aurrean. Ez zen partida erraza izan, baina azkenean Galderrek garaipena eta igoera eman zizkien gola sartu zuen 81. minutuan. Ez zuen partida hasierako hamaikakoan hasi, baina jokalaria igoeraren heroia izan zen. Igoeraren gakoa defentsan egon da, Deriok batez ere bertan oso talde indartsua izan delako: 29 gol jaso ditu 37 partidatan.

Kluba 1977an sortu zen eta lehendabiziko aldiz Estatuko kategoria batean arituko da. Ez da makala 7.000 biztanleko herriko talde batentzat. Hirugarren RFEF kategorian, ibilbide handiko taldeak daude, besteak beste Leioa, Baskonia, Deusto eta Portugalete. Barakaldo taldeak ere han jokatu du aurten, baina igoera lortu du eta ez du derioztarren kontra datorren denboraldian jokatuko.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).