Pumptrack pista eraikitzeko lanak hasi dira Derion

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 7a, 11:14

Derioko Udalak jakinarazi duenez, aste honetan hasi dira Pumptrack pista eraikitzeko lanak. Azpiegitura berria Larrabarri ibilbidean egiten dabiltza, Butroi kaleko bidegurutzearen parean. Egitasmoak puntuaziorik altuena jaso zuen 2022ko aurrekontuei lotutako parte hartzeko prozesuan, eta udalak 99.220 euro ipiniko ditu gauzatzeko; Bizkaiko Foru Aldundiak 28.051 euroko dirulaguntza eman dio. Espero da lanak irailerako amaituta egotea.  

Pistak aukera emango du zenbait modalitateetako kirol-jarduerak praktikatzeko aukera, hala nola skatea eta mendiko bizikleta, eta adin guztietako erabiltzaileek disfrutatu ahalko dute, zailtasun-maila ertainekoa bada. Mila eta hirurehun metro karratu inguruko eremua hartuko du, eta zirkuituak bi ibilbide izango ditu: bata, 105 metrokoa; eta bestea, 55 metrokoa. Biek bi metroko zabalera izango dute. Guztira 30 oztopo edo arrapala egongo dira, jauziak egiteko eta erabiltzaileek praktikatu dezaten. Bestalde, zirkuitua diseinatu da bira oso bat pedalei eragin gabe edo oinez bultzatu barik egin ahal izateko.  Halaber, aldi berean 16 erabiltzaile ibili ahalko dira pistan.  

“Gure gazteei entzuten diegu, eta haien eskaerak errealitate bihurtzen ditugu. Pista hau da gazteentzako programak, zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko egiten gabiltzan apustuaren beste adibide bat. Hala, egitasmoari esker, aire zabaleko kirol- eta aisialdi-eskaintza aberastuko dugu”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).