180.000 euro inbertituko dira eskolako instalazioak hobetzeko

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 9a, 14:21

Derioko eskolako instalazioak hobetuko dira: komunak, aldagelak eta sarbideak berrituko dira, gaur egungo irisgarritasun irizpideei egokitzeko. Horretarako, Derioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 180.000 euro inbertituko dituzte, ikastetxeen mantentze-programaren barruan. “Eskolatik eskaerak egin dizkigute instalazioak hobetzeko eta horiei erantzuna eman diegu”, esan du Esther Apraiz jarduneko alkateak.

Herri Ikastetxeko Haur Hezkuntzako eraikin osoari zerbitzua ematen dion komun-gunea berrituko da. Gainera, bi ikasgelatarako bi komun berri sortuko dira. Horrela, gela horiek guztiek komun independentea izango dute. Lanek ez dute eraginik ikasleengan izango, udan egingo baitira. Apraizen esanetan, irailean “instalazio modernoagoak eta seguruagoak aurkituko dituzte”.

Gainera, beste hobekuntza batzuk ere egingo dira udan, 90.000 euroren truke: konexio berriak sortuko dira ikasgelen artean; korridoreko sarbideak handituko dira, horien funtzionaltasuna hobetzeko; eta ekialdeko fatxadan, kanporako sarbide berri bat egingo da. Han eskailera berriak eta irisgarritasuna bermatuko duen arrapala bat eraikiko da, eta, horri esker, eremu hori aisialdirako erabili ahal izango da. Jarduera horiek Udalaguntza 2022 programaren barruan daude, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeei zuzendutako udal-jabetzako eraikinetako gastuak ordaintzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).