Aurrekontuetan parte hartzeko prozesua hasi da Derion

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 26a, 13:13

Derioko Udalak parte hartzeko aurrekontuei lotutako prozesu berria abiatu du gaur, ekainak 26, “bizilagunen lankidetzari eta inplikazioari esker, udalerria eraldatzen jarraitzeko”, azaldu dute. Udalak uztailaren 24ra arte jasoko ditu derioztarren proposamenak, 2024ko aurrekontuetan sartzeko. Udal-gobernuak 120.000 euro gorde ditu, herritarrek udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko adierazten dituzten premiei erantzuteko eta horiek gauzatzeko.

Prozesuan zazpi urtetik gorako edozein derioztarrek hartu dezake parte. Aurrekoetan moduan, prozesuak hainbat fase izango ditu. Lehenengoa uztailaren 24ra arte izango da zabalik, herritarren proposamenak batzeko. Proposamenak Gertuan herritarrentzako arreta-zerbitzuan edo Kultur Birikan egin ahalko dira, horretarako eskuragarri dauden inprimakiak erabilita. Proposamenak online ere egin ahalko dira udal-webgunean edo han dagoen inprimakia deskargatu, bete, eta partaidetza@derio.eus helbide elektronikora bidalita.

Bigarren fasea uztailaren 26tik irailaren 15era izango da, eta bertan proposamenen bideragarritasuna aztertuko da. Horretarako, hauek hartuko dira kontuan: udalaren eskumeneko proposamenak izatea; teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izatea; ekonomia- eta finantza-iraunkortasuna justifikatzen duten proposamenak izatea; udalerriko herritar guztien interes orokorra eta onura lehenestea; eta udalerriko biztanleen bizi-kalitatea eta udal-zerbitzuak hobetzea. Bideragarriak diren proiektuen zerrenda irailaren 26an argitaratuko da udaletxeko iragarki-oholean eta www.derio.eus webgunean.  

Proiektu edo proposamen bideragarriak urriaren 2tik 6ra bitartean bozkatu ahalko dira udal-webgunean. Horretarako ezagutzarik edo baliabiderik ez duten pertsonek laguntza eskatu ahalko diete Gertuan bulegoko edo Kultur Birikako langileei. Bozketaren emaitzak urriaren 17an jakinaraziko dira udal-webgunean eta udaletxeko iragarki-oholean.

Esther Apraiz Derioko alkateak prozesuan parte hartzeko gonbitea egin die herritarrei. “Partaidetza funtsezko ardatza izan da udalarentzat, eta izango da Derio elkarrekin eraikitzeko orduan. Asko dira azken urteotan errealitate bihurtu ditugun derioztarren ekimenak eta filosofia horrekin jarraitu nahi dugu, konpromiso kolektiboarekin, herritarren kogobernantzan aurrera egiten jarraitzeko”. Era berean, azpimarratu du ezinbestekoa dela zazpi eta 16 bitarteko umeek ere prozesuan parte hartzea, eta Derion egiten diren jarduerak guztien esku daudela ikustea. Iaz 400 herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte prozesuan.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).