`La vuelta´ laburmetraia egin dugu

t eta a: T: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2023ko uzt. 5a, 14:01

Gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen egoera ezagutarazten jarraitzeko asmoz, PAI Bitartean eguneko zentroak La vuelta laburmetraia egin du. Lanaren helburua da ingurunean eragin soziala izatea.

Laburmetraia egiteko, erakunde eta eragile hauen laguntza izan dugu: Elkarbideak programa (Eusko Jaurlaritzak finantzatutako programa da eta horren bitartez gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonek komunikabideetan hartzen dute parte, euren komunikazio-gaitasunak hobetzeko), Bizkaiko Foru Aldundia, Baserri Antzokia, Aritz Albaizar (ikus-entzunezko teknikaria) eta zenbait boluntario. Euren laguntzari esker, egitasmoan uztartu ditugu parte-hartze komunitarioa eta salaketa soziala, Emaús Gizarte Fundazioarentzat oso nahaste interesgarria dena.

La vuelta laburmetraian islatu dugu pertsona hauek egunero pairatzen duten bakardadea, eta laguntzarik edo ingurune sentikorrik gabe sentimendu horri aurre egitea zein zaila den. Edukia lantzeko, elkarrizketa egin diegu Derioko zentrora egunero etortzen diren hainbat pertsonari. Gizartera zabaltzeaz gainera, laburmetraia Bilboko Homeless Film Festibalean aurkeztu nahi dugu. Festibal hori Bizitegi elkarteak antolatzen du duela zortzi urtetik hona, eta helburu ditu zinemagintzaren eta antzerkigintzaren bidez gizarte-inklusioa bultzatzea eta bazterketarik gabeko gizartea eraikitzea.

Emaús Gizarte Fundazioaren aspaldiko kezka da egitasmo hau aurrera ateratzea eta hura gizartea sentikor bihurtzeko tresnatzat erabiltzea. Horregatik, oso pozik gaude, laburmetraia egiteko aukera izan dugulako, eta espero dugu baliagarria izatea pertsonak gizarte-bazterketak dakarren arazoaz kontzientziatu daitezen. Hori dela eta, Homeless Film Festibalaren aurtengo ediziora joateko gonbidapena egin nahi dizuegu. Festibala azaroaren 23an eta 24an izango da Bilbon, Bizkaia Aretoan hain zuzen ere (Abandoibarra 3). Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu laburmetraian parte hartu duten aktoreei eta boluntarioei: Juan, Ludi, Luismi, Jorge, Miguel Ángel, Aitor, Silvia, Emilio, Izei eta Izaro.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).