Pumptrack-a inauguratu da Derion

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 13a, 09:09

Atzo arratsaldean, uztailak 12, pumptrack pista inauguratu zen Derion, Butroi kalearen eta Larrabarri pasalekuaren arteko gunean hain zuzen. Inaugurazio ekitaldira hainbat herritar hurbildu ziren, eta Dirt eta BMX modalitateetako bi riderrek egindako erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten. Pista udal-aurrekontuetan parte hartzeko iazko prozesuan boto gehien jaso zituen egitasmoa da, eta udalak 99.220 euro ipini ditu hura gauzatzeko; Bizkaiko Foru Aldundiak 28.051 euroko dirulaguntza eman dio horretarako.

Pumptrack-a adin guztietako erabiltzaileek disfrutatzeko diseinatu da, zailtasun-maila ertainekoa da eta. Pistak 1.300 metro karratuko eremua du; eta zirkuituak, bi metroko zabalerako bi ibilbide: bata 105 metroko ibilbide nagusia da, eta bestea, 55 metrokoa. Ibilbideetan guztira 30 oztopo eta arrapala atondu dira, hainbat salto-mota egiteko eta erabiltzaileen trebetasuna probatzeko. Bestalde, zirkuitua diseinatu da bira oso bat pedalei eragin gabe edo oinez bultzatu barik egin ahal izateko.  Halaber, aldi berean 16 erabiltzaile ibili ahalko dira pistan.

“Oso pozik gaude pumptrack-a jada errealitate delako”, adierazi du Esther Apraiz Derioko alkateak. “Azpiegitura berriak derioztarrek eskatutakoari erantzuten dio, eta gero eta jarraitzaile eta erabiltzaile gehiago dituzten hainbat modalitate praktikatzeko aukera emango du, hala nola skatea edo mendiko bizikleta. Apraizek azpimarratu duenez, “udala herriko gazteentzako programak, zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko egiten dabilen apustuaren adibideetako bat da pista berria”.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).