Aisialdiko begirale titulua lortzeko ikastaroa Derion

a: RDNE pexels 2023ko ira. 6a, 12:14

Derioko Udalak aisialdiko begirale titulua lortzeko ikastaroa antolatu du Gaztetxo Eskolarekin elkarlanean. Helburua da gazteei aisialdian eta hezkuntzan lan egiteko balioko dien titulazioa lortzeko aukera eskaintzea. Ikastaroa urritik maiatzera bitartean egingo da eta orotara 12 saio izango dira: barikuetan, 18:30etik 21:00etara; eta zapatuetan, 10:00etatik 18:30era. Asteburu bateko irteera ere egingo da.

Guztira 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko egingo dira. Ikastaroa Derion erroldatuta dauden eta 18 urtetik gorakoak diren gazteek har dezakete parte. Gainera, euskara-maila egokia izatea beharrezkoa da, ikastaroa euskaraz izango delako eta parte-hartzaileek memoria euskaraz idatzi beharko dute eta. Horrela, lan egiteko aukera eskaintzeaz gainera, ikastaroak sustatzen du aisialdian euskararen erabilera bultzatzen lagunduko duten begiraleen prestakuntza. Izena ematea hemen egin daiteke irailaren 15era arte. Doako ikastaroa da, baina 100 euro ordaindu beharko dira gordailu gisa; ikastaroa egin eta baldintzak bete direla ziurtatu ondoren itzuliko da dirua.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).