Deriok Mugikortasunaren Astea ospatuko du irailaren 17an eta 19an

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 14a, 13:05

Aurten ere, Deriok bat egingo du Europako Mugikortasunaren Astearekin. Egitasmoaren helburua da mugikortasun iraunkorrari lotutako ohitura eta tokiko politika berriak abian jartzea eta herritarrak haiekiko sentikor bihurtzea. Derioztarrek hainbat ekintzez gozatzeko aukera izango dute irailaren 17an eta 19an; udalak ekintzetan parte hartzeko deia egin die.

Domekan, irailak 17, familientzako bizikleta-ibilaldia egingo da 11:00etan, irteera eta helmuga eskolan izango direla. Parte-hartzaile guztiek hamaiketako osasungarri bat jasoko dute saritzat. Ondoren, 13:00etan, gynkana ziklista egongo da frontoian, Gela Pedagogikoak antolatua. Bestalde, datorren asteko martitzenean, irailak 19, askari osasungarria eskainiko da 18:00etan, Nagusien Etxean, eta 18:30ean, bertan ere mugikortasunaren inguruko hitzaldia izango da Athletic Clubeko zerbitzu medikoaren eskutik.

Derioko Udalak gogora ekarri duenez, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailarekin egindako akordioari esker, laster BiziPark bizikleta-aparkaleku segurua izango da Derion, 24 bizikleta gordetzeko lekua izango duena eta tren-geltokiaren ondoan ipiniko dena. Hori zein eskolaren eta institutuaren inguruan ipinitako bizikleta-aparkaleku estalia dira “udalak mugikortasun iraunkorra bultzatzeko eta bizikleta garraiobide osasungarri gisa erabiltzeko duen konpromisoaren adibide”. Era berean, azpimarratu du urte asko daramatzala udalerrian, Bizikletaz ibiltzeko Derio 2023+ planaren bidez, mugikortasun jasangarria bultzatzen. “Bizikleta-bide eta aparkaleku berriak eraikitzearen alde egiteaz gain, bizikletaren erabilera sustatzen da, hainbat neurri eta jarduera abian jarrita”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).