Gorka Urtaranen lekukoa hartuko du Apraizek. Izendapena EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta talde independenteek egindako akordioari esker izan da. Bestalde, Nagore Alkorta Azpeitiako alkateak (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano Irungo alkateek (PSE-EE) presidenteorde jarraituko dute.
Izendapena eskertu, eta indartsu sentitzen dela esan du Apraizek, eta badakiela karguak erantzukizun handia eskatzen duela. “Udalerrien ahotsa da EUDEL, plurala eta partaidetzazkoa, eta tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme-lana egiten du”. Era berean, elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzeko proposamena egin du, bai gobernu-organoetan, bai foro instituzional eta lantalde guztietan, batera lan egiteko gure helburu amankomunen, herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde”.
Biztanleria urriko udalerri bateko agintari gisa, pertsonengandik hurbilen dagoen politika defendatu du, eta erantzukizun berritik horri lagunduko diola esan. Horrezaz gainera, adierazi du herriak eta hiriak trantsizio hirukoitzaren agertoki direla: soziodemografikoa, digitala eta ingurumenekoa. “Beraz, tokiko gobernuok eraldaketaren eragile nagusiak izan behar dugu beste erakundeekin batera”. Azkenik, hiru proposamen egin ditu: udalgintza feministaren aldeko apustua egitea, herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea eta lankidetza instituzionala bultzatzea.