Aurreko urteetan moduan, PAI Bitartean zerbitzuko eguneko zentroan ibiltzen garen pertsonok bilera egin genuen, abuzturako zer motatako ekintzak antolatu nahi genituen erabakitzeko. Garrantzi handia ematen diogu aisialdi osasungarri eta hezigarriari, eta horregatik, guztion gustuak eta iritzia kontuan hartuta, Bizkaian eta inguruan dauden eskaintzak begiratu genituen. Zer egin edo nora joan begiratzen ibili ginenon kezkak oso bestelakoak dira, eta, hortaz, saiatu ginen ahalik eta eskaintza zabalena topatzen hurrengo arlo hauetan: kultura, entretenimendua, kirola, gastronomia, turismoa…
Hasteko, eta animalien artean ibiltzea atsegina eta terapeutikoa denez, Karrantzako Vista Alegre baserria bisitatu genuen. Hangoek azaldu ziguten esnetarako behiak dituen baserri batek nola funtzionatzen duen eta gazta, jogurt… ekologikoak nola egiten dituzten. Cabarcenoko Natura Parkeraino ere hurbildu ginen, munduko hainbat txokotako animaliak ikusteko eta euren koloreak eta formak behatzeko.
Horrezaz gainera, Bilboko itsasadarretik egin genuen turismoa: itsasontziz joan ginen Abraraino, eta Guggenheimetik eta Portugaleteko Zubitik pasatu. Era berean, Pozalaguako kobazuloak bisitatu genituen, eta bertan dauden estalaktitek eta estalagmitek harritu gintuen benetan. Hala ere, ikusgarrienak eta ezohizkoenak izan ziren edozein norabidean hazten diren estalaktita bitxiak, aparteko figurak sortzen dituztenak.
Garrantzia ematen diogun beste alderdi bat da kirola. Horrela, piraguan sartu, eta paseo ederra baino ederragoa egin genuen Urdaibaitik, hango txokoak, animaliak eta landareak behatzen genituen bitartean. Ondoren, Laredora joan ginen eta zaldi gainean ibili ginen bertako hondartzan. Azkenik, Athleticen museoa bisitatu genuen, bere sorreraz eta historiaz ondo jabetzeko.
Bestalde, gastronomiari lotutako planak ere antolatu genituen, hala nola elikadura-tailerrak eta barbakoa, eta kultura arloko ekintzak. Aipatutako guztiek uda biribildu dute, parte-hartzaile guztiek opor aktiboak eta plan alternatiboz betetakoak bizitzeko aukera izan dutelako. Izan ere, guztiok merezi dugu gozatzeko eta atsedena hartzeko unea izatea, eta egunerokotasunaren monotonia eten.