BIZIPARK bizikletentzako aparkaleku estalia eta segurua ipini da Derion

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 22a, 15:04

Derioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako akordioaren ondorioz, gaur, irailak 22, BIZIPARK bizikletentzako aparkaleku estalia eta segurua ipini da tren-geltokiaren eta autobus-geltoki batzuen ondoan. Azpiegitura berria Esther Apraiz Derioko alkateak eta Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuak inauguratu dute.

Aparkalekuak hurrengo ezaugarri hauek ditu: 24 bizikletarentzako lekua, barruko argiztapen-sistema, gauzak segurtasunez gorde ahal izateko, suaren aurkako segurtasuneko 6 armairu eta Derioko Udaltzaingoarekin lotutako kameren bidezko zaintza-sistema; gainera, eguneko 24 orduetan funtzionatuko du. Bonuak edo tarifak 4 eurokoak izango dira hilabeteko; 10 eurokoak, hiruhileko bakoitzeko; 20 eurokoak, seihileko bakoitzeko; eta 40 eurokoak, urte osorako. Gutxienez 14 egunean behin erabili behar da, aparkalekua bizikletentzako gordeleku bihur ez dadin. Kudeaketa-aplikazioaren bidez erregistratzen den 16 urteko edo gehiagoko edozein pertsonak erabili ahal izango du zerbitzua; 16 urtetik beherakoak euren tutorearen bidez erregistratuta egon beharko dira. Erabiltzaileek erabilera-baldintzak onartu beharko dituzte, eta telefono mugikorreko zenbaki bat, helbide elektroniko bat eta bizi diren udalerria jakinarazi; Derion zein udalerritik kanpo bizi direnak izan daitezke.

BiziParkeko zerbitzura sartu ahal izateko, lehenik eta behin eskaera bat egin behar da. Aurrez izena emateko epea zabalik dago jada www.bizipark.derio.eus webgunean, urriaren 15era arte. Hogeita lau izen emate baino gehiago izanez gero, zozketa egingo da urriaren 17an, eta urriaren 19an lekua erabiltzeko baimena jasotzen duen zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan. Zozketan baimenik lortu ez duten pertsonak itxaron-zerrenda batean sartuko dira zozketaren ondoriozko ordenan. Zerbitzua urriaren 20an jarriko da martxan.

Bonu aktibo bat duen eta ordainketak egunean dituen erabiltzaile baimendua BiziParkera sartu ahal izango da, baimena aktibatzeko unean jasoko duen QR kodea edo zenbakizko kodea erabiliz. Sarbidetik eta aparkalekuko gune komunetatik bizikleta eskuan dela zirkulatuko da. Bizikletak giltzapetu egin beharko dira nahitaez. Informazio gehiago: 944 541 019 / bizipark@derio.eus.

Esther Apraiz alkateak nabarmendu duenez, bizikletentzako aparkaleku berri honekin Udalak eta Aldundiak toki segurua, kontrolatua eta zaindua eskaintzen diete bizilagunei, bizikleta aparkatuta lasai utz dezaten. "BiziPark hau mugikortasun iraunkorra bultzatzeko eta bizikleta garraiobide osasungarri gisa erabiltzeko, Udalak duen konpromisoaren erakusgarri bat da. Zerbitzu honek, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, garraiobideen arteko intermodalitatea sustatzea du helburu, ibilgailu pribatuaren kaltetan".

"Bizikletak Bizkaiko mugikortasunean leku nabarmena izatea nahi dugu; bakarrik edo beste garraiobide publiko batzuekin batera, herritarren ohiko joan-etorrietarako benetako alternatiba izatea, bai aisialdirako, bai eguneroko zereginetarako, lanera edo ikastera joateko, besteak beste", adierazi du Sonia Pérezek. "Eta, horretarako, udalekin elkarlanean, gaur Derion inauguratu dugun bezalako azpiegiturak bultzatzen ari gara, bizikletaren erabilera errazten dutenak eta mugikortasun aktibo eta osasungarria zein intermodalitatea sustatzen dutenak". Zentzu horretan, "BiziPark-Derio berriaren kokapen estrategikoa" azpimarratu du foru arduradunak, "tren geltokiaren eta Bizkaibuseko zenbait geltokiren ondoan".

Bestalde, Apraizek gogora ekarri du udalerrian bizikletaren aldeko hainbat ahalegin egiten dabiltzala, hala nola kanpoko aparkalekuak, bidegorri berriak egitea eta daudenak hobetzea, hirigunean ZAP ingurumen-eremu baketsua sortzea, BiziPark eta BiziPunto.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).