Lehen egonaldi artistikorako deialdia egin du Marikobasok

Aikor aldizkaria 2023ko irailaren 26a

Marikobaso espazioak egonaldi artistikoak antolatzeko asmoa du Derion, eta deialdia zabaldu du horretarako. Egitasmoaren bidez, egoitzaren erabilera utziko diote sortzaile bati edo kolektibo txiki bati (gehienez bost lagunek osatutakoa). 2023-2024 aldirako deialdia da, printzipioz sei hilabetekoa.  “Edozein diziplina artistiko onartzen dugu, baldin eta izpiritu kritikoarekin eta eraldatzailearekin bada. Proiektuen artean ebazteko, kontuan hartuko dira Marikobasoren lau oinarri nagusiak: feminismoa, euskara, kultura eta ekologismoa”.

Azaldu dutenez, Marikobasok hauek eskainiko ditu: egoitza bera (50 metro koadro eta hiru gela), egoitzako tresneria erabiltzea (lan-mahaiak, ordenagailua, aulkiak, telebista…) eta egoitzarako sarbide librea, lekuaren ohiko funtzionamenduarekin koordinatuta. Horren truke, CC-BY-SA lizentziapean sortu beharko da materiala, eta, diziplinaren arabera, Marikobason hari lotutako ekintza egitea: tailerra, emanaldia, horma-irudia margotzea… 

Deialdia urriaren 1etik 15era arte egongo da irekita. Parte hartzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, marikobaso.martxan@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da. Bestalde, deialdiaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.